2013an UCIko rankingean talde onena izan zen Movistar eta aurten ere asmo hori du Eusebio Unzué-ren taldeak. Hiru handietako batean –Giroa, Tourra eta Vuelta– garaipena lortu nahi luke Movistarrek. Hori da bere helburu nagusia. Alejandro Valverde eta Nairo Quintana izango dira talde buruak, eta aurtengo fitxaketa inportanteenak Igor Anton, Juan Jose Lobato eta John Gadret dira. 27 txirrindulari ditu taldeak. Valverde izango da Movistarren apustua Tourrerako eta aurreko urtean Tourrean bigarrena izan zen Nairo Quintana izango da talde burua Giroan. Espainiako Vueltara biak joango dira.
Taldeko sakandarrak: Erbiti eta Arrieta
Imanol Erbitik bere 10. denboraldia egingo du taldean, 2005ean debutatu baitzuen Eusebio Unzuérekin. Palmaresean hiru garaipen dauzka: 2011ko Errioxako Itzulia, 2008ko etapa bat Espainiako Vueltan eta 2010eko etapa bat Espainiako Vueltan. Talde gizon bikaina da Hiriberrikoa, oso estimatua, eta Movistarreko beteranoetako bat da. Aurten ere liderrak laguntzea izango da bere egitekoa.
Jose Luis Arrietak Movistarreko kirol zuzendari lanetan jarraituko du. Txirrindulari profesionala urte askotan, txirrindula utzi eta berehala onartu zuen Movistarrek kirol zuzendari izateko egindako eskaintza. Taldeko gizon estimatuenetakoa da uhartearra, zuzendari handia, bere gidaritzapean garaipen handiak lortu dituenak.