Sakanako Enpresarien Elkarteko (SEE) ordezkariak atzo Yolanda Barcina Nafarroako Lehendakariarekin eta Lourdes Goikoetxea lehen lehendakariorde eta Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariarekin bildu ziren. Sakanara egindako bidaian bi gobernu kideak Arbizuko Baikor Worldwide eta Ziordiko Lazaro Echeverria harrobia bisitatzeko baliatu zuten.
SEEko kideek enpresek bizi duten egoera gogorra dela-eta kezka agertu zieten gobernuko kideei. Egoera “kezkagarria” dela azaldu zieten agintariei. Haien ustez, sektore osoari eragiten dion krisiak sortutako egoera latzaz gain, Sakanako industriak irudi ezkorra du kanpoan eta azpiegituretan defizita ere jasaten ari da. Zehazki, enpresariek industrialdeak hobetzeko, inguruko argindarraren hornidura-arazoak konpontzeko eta ibarreko industria-sarera bideratutako lanbide-heziketa indartzeko beharra dagoela adierazi zieten gobernukideei.
Bestalde, Barcinak eta Goikoetxeak SEEko kideak Nafarroako Gobernuak hasitako zerga-erreformaren prozesuan parte hartzera gonbidatu zituzten. Azaldu zietenez, zergen foru-mapa berriro diseinatu eta gaur egungo zerga-onurak berrantolatzea izanen dute. Erreformaren proiektua aurtengo lehen seihilekoan eginen dute eta prozesu parte-hartzailea izanen dela adierazi zuten.
SEEko kide hauek izan ziren bileran: Francisco López de Alda Sakanako Enpresarien Elkarteko lehendakari eta Aldakin taldeko ordezkaria; Miguel Luis Ezquerra elkarteko lehendakariorde eta Nasipa Dinescon taldeko ordezkaria; Tomás Muñoz Mufabrik-ekoa; Juan Jose Burillo Industrias Barga-koa; Mª Angeles Intxausti Granja San Donato-ko ordezkaria; Jesús Esparza Prosimed-ekoa; Mikel Imaz Industria de Armaduras Omnia-koa; Juan Manuel Garro Lacturale-koa; Aitor Goñi Baikor Worldwide-koa; Patxi Goicoechea Arbizu S.Lkoa; Jose Antonio García Cementos Portland Valderrivas-ekoa; eta Josu Lopez Inoxnaparra-koa.