Bertako historia turismorako baliabide bihurtuta

Guaixe 2014ko otsailaren 5a

Irurita gazteluko mugarria, Urdiainen.
Cederna-Garalurrek Nafarroako estatuari buruzko ikastaroa antolatu du langabetu eta turismo- eta zerbitzu-establezimenduetakoei zuzenduta

Nafarroako Erreinua defendatu zituzten Sakanako gazteluetan mugarri bana jarri zuen Nafarroa Bizirik fundazioak 2012an. Erakunde bera Etxarri Aranatzen Enneco, haritzaren memoria interpretazio parkea eraikitzen hasia da, udalarekin elkarlanean. Hori guztia kontuan izanik, Nafarroaren historia Sakanan turismo baliabidea izan zitekeela ohartu ziren hainbat eragile eta kezka horri erantzunez Cederna-Galarrek ikastaroa antolatu du.

Prestakuntza saio hori arlo horretan interesa izan dezaketen langabetuei eta turismo- eta zerbitzu-establezimenduetako langileei zuzenduta dago. Ikastaroan Nafarroako estatuaren historiaren berri emanen da VIII. mendetik XVI. mendera arte eta aparteko trataera izanen du Sakanan garai hartan bizi izandakoa. Ikastaroa heldu den asteko asteazkenean hasiko da eta 9 saio izanen dira (otsailak 12, 19, 26; martxoak 5, 12, 19, 26 eta apirilak 2, eta 9). Saioak Garalurrek Arbizun duen egoitzan izanen dira, bakoitza bi orduko iraupena izanen du. (19:00etatik 21:00etara).
 
Gehiago
Garalurrek aurtengo 20 ikastaroz osatutako prestakuntza programa eskaini dio Nafarroako Mendialdeari. Prestakuntza-eskaintza berri horren xedea da herritarrak gaitzea haien lanbide-profilak landa-eremuko garapen jasangarrirako eskakizunetara egokitzeko, eta, horrela, lehiakortasuna areagotzeko eta enplegu- eta lan-aukerak hobetzeko.

Aipatutako ikastaroaz aparte, Sakanan beste bi ikastaro ere aurreikusi ditu Garalurrek. Batetik, nire zaletasuna nire lanpostu bihurtu ikastaroa. Altsasun eginen da (maiatzak 8, 15, 22 eta 29 eta garagarrilak 5; 9:30etik 12:30era). Bestetik, zuzenean saltzeko estrategiak ikastaroa. Arbizuko Garalurren izanen da, udazkenean.

Sakanaz aparte Mendialdeko hainbat herritan bestelako ikastaroak antolatu ditu Garalurrek: Nire mikroenpresa kudeatuz (Leitzan eta Agoitzen), Autoempleate, egizu lan zuretako (Zangozan), Autoempleate, egizu lan zuretako: zenbakiak" (Larraintzarren), Baratze ekologikoak (Elizondon) eta motozerrari profesionala izateko agiria eta Aizkoraren erabilpena zuhaitzak markatzeko (Esteribarren).

Finantzazioa
Prestakuntza hori Enpresa txikiendako prestakuntza, 2014 CED – 2015eko Aurrekontua izeneko proiektuaren barnean kokatzen da. Proiektuak 27.500 euroko aurrekontua du, eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak eta Nafarroako Gobernuak finantzatu dute, Nafarroako Foru Komunitateko Landa Garapenerako 2007-2013 Programaren bidez.

Argibideak:
sakana.admon@cederna.es edo 948 567 010