Nafarroako Ingurumen Baliabideen Zentroak (CRANA) tresna elektriko eta elektronikoen hondakinen birziklatzeari buruzko Nafarroako I. Mikroipuin lehiaketa antolatu zuen. Aipatu lehiaketan Aralarko Mikel Donea Institutuko 13 ikaslek hartu zuten parte, DBH 1 eta DBH 2 mailakoak. Horietatik, Iratxe Flores lakuntzarrak gazte mailan bigarren saria lortu zuen Siempre On mikroipuinari esker.
CRANA-k Aralarko Mikel Donea institutua eskertu nahi izan du aipatu lehiaketan ikasleen parte hartzea sustatu izanagatik. Horrela, ostiralean ekitaldi xume baina beroa egin zen Altsasuko institutuan. “Eneritz Beldarrainek koordinatu du hau guztia, Agenda 21eko Aralarko Mikel Donea institutuko arduradunak, baina Jose Luis Mendoza irakaslea izan da sustapen lana egin duena. Mendozak gaztelaniako klaseak ematen dizkie DBH 1 eta DBH2ko ikasleei, eta klase horietan, abenduan, tresna elektriko eta elektronikoen hondakinen birziklatzeari buruzko gaia landu zuten. Gero, hala nahi izan zutenek, euren mikroipuina CRANAko lehiaketara bidali zuten” adierazi zigun institutuko zuzendaritza taldeko Erkuden San Martin etxarriarrak. “Lan txukunak, inteligenteak eta pozgarriak irakurri genituen klaseetan. Oso pozik gaude 13 ikaslek euren lana mikroipuin lehiaketara aurkeztu izanagatik eta Iratxe Floresek gazte mailan bigarren saria lortu izanagatik” gogoratu zuen Mendozak.
Ekitaldian, Mendozaz gain, CRANA zentroko Elena Cereceda eta Sakanako Mankomunitateko ordezkari Beñat Agirre izan ziren. Agirrek Sakanako Mankomunitateak etxetresna elektrikoen birziklapenerako dituen zerbitzuen berri eman zien ikasleei. ”Etxetresna handien kasuan Mank-era deitu eta Emauseko Traperoak pasako dira zuen etxeetatik, jasotzera. Eta etxetresna txikietarako Sakanako herrietatik barna pasatzen den Garbigune Mugikorra zerbitzua dago. Etxetresnek aluminioa eta metal pixu asko dituzte, eta toki hauetan jasoz gero, ongi birziklatu daitezke” aipatu zuen. Birziklapenak arrakasta izateko heziketaren garrantzia azpimarratu zuen Agirrek. “Ildo honetan CRANAkoek egiten duten gizarteratze lana nabarmentzekoa da. Nafarroako Gobernuaren murrizketengatik kolokan dago CRANA eta gure babesa azaldu nahi diegu” gaineratu zuen.
Mikroipuinen garrantzia
CRANAko Elena Cerecedak institutuko ikasleei aipatu zien egunean barna makina bat etxetresna erabiltzen ditugula: iratzargailua, kafetera, ordenagailua, telebista, mugikorra… “Esaterako, kafetera bat birziklatzeko gune batera eramaten denean, kafeteraren %92a errekuperatu daiteke. Ez badugu birziklatzera eramaten kafeteraren metal arriskutsu horiek, aluminio horiek, ingurunea kutsatuko dute” azaldu zuen. “Zuek idatzitako ipuinek zuek bezalako neska-mutilei informazio hau zabaltzen laguntzen digute. Inportanteena birziklapenaren kontzientzia hartzea da” gaineratu zuen Cerecedak, mikroipuin lehiaketara aurkeztutako lanak liburu batean bilduko direla gaineratuz.
Ekitaldian Mikel Donea Institutuko ikasleek idatzitako lanetatik hiru irakurri ziren, tartean Iratxe Floresena, eta ondoren, euren lanak mikroipuin lehiaketara aurkeztu zituzten 13 ikasleek saria jaso zuten: “Birziklantea naiz” idatzita zuen oihal berrerabilgarriko motxila. Iratxe Floresek, aurretik Iruñean burututako ekitaldi batean, diploma, oihal berrerabilgarriko motxila eta lehiaketako kolaboratzaile diren erakundeetan gastatzekoa den txartela jaso zituen.
Mikroipuin lehiaketan parte hartu duten Institutuko ikasleak
Ander Agirre (Lakuntza), Alicia Cabezudo (Lakuntza), Leire Chamorro (Altsasu), Ander Chamorro (Altsasu), Iratxe Flores (Lakuntza), Xabier Gasko (Lakuntza), Hodei Hiraldo (Uharte Arakil), Kepa Hiraldo (Uharte Arakil), Ricardo Jiménez (Arbizu), Irati Morentin (Etxarri Aranatz), Amaia Olmo (Altsasu), Amaia Vicente (Bakaiku) eta Eider Zia (Altsasu).