Ikurrak arautzeko Herri Ekimen Legegilea aurkeztu dute

Guaixe 2014ko otsailaren 6a

Nafarroako Parlamentuan aurreko ostegunean aurkeztu zuten Nafarroako ikurren erabileran herritarren erabaki demokratikoa eta aniztasunarekiko errespetua bermatzeko Foru lege proposamena. Hainbat ideologia, oinarri eta kultura desberdinetako pertsonek osatutako talde eragile batek aurkeztu zuen Herri Ekimen Legegilea (HEL), haien artean dago Etxarri Aranazko alkate Jose Ignazio Bakaikoa.

Nafarroako banderarekin batera herrietako eraikin publikoetan herritarren babes zabala duen beste ikurrak jartzeko bidea eman nahi du HELek. Horregatik, herritarrek sinboloen gainean iritzia emateko toki-entitateek herri-galdeketak sustatzea proposatzen dute.

Nafarroako Parlamentuan begi onez ikusi zuten ekimena Bilduk, Aralar-NaBaik, I-Ek eta Geroa Baik. UPN, PSN eta PP egungo legearen alde agertu ziren. Parlamentuko Bozeramaileen batzordeak HEL proposamena onartu aurretik txosten juridikoa eskatu zuen. Behin Parlamentuan oniritzia jaso ondoren, sustatzaileek sei eta zortzi hilabete arteko epea izanen dute 5.000 sinadura biltzeko.