Langabetu gutxiago Altsasuko enplegu bulegoan

Guaixe 2014ko otsailaren 6a

Ilbeltza akaberarekin batera aurreko hilean baino 20 langabetu gutxiago (%1,29) zeuden izena emanda Altsasuko enplegu bulegoan. Guztira 1.553 ziren bulego horretan izena emanda zeudenak. Ibarreko datu zehatzak jakiteko Iruñeko zabalguneko bulegora joaten diren arakildarren eta irurtzundarren datuak falta dira. Bestalde, Altsasuko enplegu bulegoan sinatu diren 451 kontratuetatik 20 besterik ez dira mugagabeak izan.

Nafarroa  
Ilbeltzean herrialdean langabeziak %3,25 gora egin du. Zerrendara gehitu diren 1.675 langabetuekin guztira 53.163 nafar dira lan bila. Pasa den urtearekin alderatuta 2.434 langabetu gutxiago dira. Sexuei erreparatuta, 27.296 emakumezko daude langabezian (% 5,77 gehiago). Gainontzeko 25.867k gizonezkoak dira (%0,72).

Isabel Garcia Malo Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak langabezia hazi izanaren balorazio negatiboa egin du, zerbitzuen sektorean emakumeei eragin baitie gehienbat. Hala ere, esan du egoeraren araberako hazkuntza izan dela. "Gabonetako denboraldia bukatzen denean, saltokietako kontratuak eta osasunaren sektoreko bitartekotasunak ere amaitzen dira", azaldu du. Berez, Garcia Malok gogorarazi du azken 8 urteetan langabeziak % 7,25 egin duela gora batez beste, hortaz, 2014ko hazkuntza ohikoaren erdia dela ia-ia.