Bat ez beste, Sakanako ikastetxe publikoetako Guraso Elkarte guztiak Sortzen elkarteko kide dira. Guztien artean maiatzaren 10erako ibarreko eskolen festa antolatzen ari dira. Laugarren edizioaren ardura Zelandi eskola publikoak izanen du. Foru plaza eta inguruak hartuko dituen egun osoko egitaraua prestatzen ari dira. Batasunaren eta elkarreraginaren ideia bulkatzeko Sakana Herri Eskolekin Sortzen leloa aukeratu dute festarako.
Zelandiko Guraso Elkarteko Begoña Cidek ostiralean egindako bileran jakinarazi zuenez, ospakizuna antolatzeko Altsasuko kultur talde guztiak parte hartzera gonbidatu dituzte. Aurreratu zuenez, ibarreko eskolek euren txokoa izanen dute garatzen ari diren lana erakusteko.
Bilkuran Nafarroako Sortzeneko koordinatzaile Iker Moreno izan zen eta elkarteak azken urteetan jorratutako ildoak errepasatu zituen. Genaro Paniaguak, Zelandiko irakasleak, Sortzenek Sakanan izandako bilakaeraren berri eman zuen eta batasunaren beharra eta abantailak azpimarratu zituen. Azkenik, bilkuran Zelandiko Euskaraz Mintza proiektua beste ikastetxeetara zabaltzeko aukera eman zen. Jokoen bidez atsedenaldietan euskararen erabilera sustatzen du proiektuak.