Astelehenero eta asteartero 21 ikaslerekin handitzen da Sakana Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratu Publikoko ikasleria. Mendi ertaineko kirol-teknikaria zikloko ikasketak egiten hasi berri diren ikasleak dira horiek. Ostegunean kurtsoko aurkezpenean bildu ziren estreinakoz eta ostiralean aurreneko klase eguna izan zuten.
Maila ertaineko prestakuntza ziklo horretan 56 pertsonek azaldu zuten interesa. Zerrendaren lehen orrazketaren ondoren, hautagaiek sarrera proba gainditu behar izan zuten: 10 kiloko motxilarekin Beriainen gora eta behera eta Aralarrera igo behar izan zuten, beste hiru proba gainditzearekin batera. 24 izan dira hautatuak. Lana opatu dutelako edo bestelako arrazoiengatik hiru hautagai ez dira hasi.
Amaia Rezusta irakasleak esan digunez, oraingoz elkar ezagutzen ari dira ikasleak. Azaldu digunez, haietako batzuk aspaldi ez zirela klase batean sartzen eta “nabari da, baina gogotsu daude”. Ikasleetako bi Uharteko Itziar Retegi eta Etxarrin bizi den Jon Goñi dira. Retegik mendia gustatzen zaiolako eman du izena. Goñik, berriz, Elizondon, mendia eta zaldien inguruko beste ziklo bat egina du eta haren jarraipena egin nahi izan du. Biek ere helburu bera dute, titulua ateratzea eta arlo horretan lan egin ahal izatea. Ikasketez galdetuta aitortu digutenez, “pixka bat kostatzen da baina hartuko diogu”. Haien ikaskide batzuk Elizondo edo Iruñekoak direla jakinda, ikasketak Sakanan bertan egitea gauza handia dela esan digute.
Zikloaz
Ikasketa berriek aurreneko kurtsoan 420 orduko iraupena dute. Aste Santua bitartean komuneko prestakuntza eta osagarria jasoko dute. Horretarako irakasle berri bat etorri da ikastetxera. Oporraldiaren ondoren, maiatzean, mendira aterako dira, klasean ikasitakoa mendian praktikan jartzeko. Horretarako LH institutura 3. mailako kirol teknikari titulua duten espezialistak etorriko dira, eta haiekin ibilbideak eta bestelakoak eginen dituzte. Espezialista bakoitzak 8 ikasle izanen ditu bere ardurapean. Saio horien ondoren, garagarrilean, ikasleak enpresetan praktikak egiteko prest izanen dira.
Ikasketak despeditzeko heldu den urtean bigarren kurtsoa egin beharko dute (555 ordu, guztira 975). Behin gradu ertaineko mendi ertaineko kirol-teknikaria zikloko titulua eskutan dutela ikasleek ikastetxe, klub, federazio edota enpresetan lan egiteko aukera izanen dute. Ikasketetan sakondu nahi duenak goi mailako ikasketak egin ditzake.
Sakana LH IIPko eskaintza
Ziklo horretaz aparte, honako ikasketak egin daitezke: motorren mekaniko laguntzailea (DBH gainditu ez duten ikasleei zuzendutako hasierako prestakuntza profesionaleko programa); mantenu elektromekanikoa (gradu ertaina); sodadura eta galdaragintza (gradu ertaina) eta mekatronika industriala (goi gradua).