Sailkapena
6 puntu: Olaizola II.a-Aretxabaleta eta Irujo-Barriola.
4 puntu: Titin-Merino, Xala-Zubieta eta Urrutikoetxea-Beroiz.
3 puntu: Berasaluze-Albisu eta Bengoetxea-Zabala.
2 puntu: Ezkurdia-Zabaleta
9. jardunaldia
Titin-Merino / Ezkurdia-Zabaleta (ostiralean, Bastidan. ETB1)
Bengoetxea-Zabala / Irujo-Barriola (larunbatean, Labriten)
Xala-Zubieta / Urrutikoetxea-Beroiz (larunbatean, Maulen)
Berasaluze-Albisu / Olaizola II.a-Aretxabaleta (igandean, Eibarko Astelenan. ETB1)
Batzuk hobetze bidean jartzen direnean besteek txahalaldia. Eta alderantziz. Hori gertatu zaie Binakakoan ari diren Sakanako pilotariei. Xalak eta Zubietak azken jardunaldietan izandako krisia gainditu dute, lesioak osatu, euren jokoa berreskuratu eta garaipen polita lortu baitute Olaizolaren eta Aretxabaletaren kontra. Aldiz, gaizki hasi ziren txapelketan Ezkurdia eta Zabaleta, eta bi partida irabazi ondoren aurrera egiteko xendan zeudenean, 3. puntua lortzeko aukera alferrik galdu dute, Urrutikoetxea eta Beroizen kontra galdu eta gero.
Zabaletaren txahalaldia
Ostiralean Arrigorriagan jokatutako lehia txarra izan zen. Ezkurdia eta Zabaletak ez zuten aurreko bi asteburuetan emandako maila eman eta partida bikainarik egin gabe Urrutikoetxeak eta Beroiek euren 4. tantoa lortu zuten. Aipatzekoa da Zabaletak gripea izan duela, sukarra zela eta ez zen material aukeraketan egon, eta hori izugarri nabaritu zen, aurreko asteburuan Aimarren kontra aritu zen pilotariaren itzala ere ez baitzen izan.
Partida arraroa izan zen, akatsez josia. Ia konturatu gabe 13-2 aurreratu ziren Urrutikoetxea eta Beroiz, sakandarren akatsei esker. Sakandarrek ez zuten euren maila eman, inondik inora, eta 22-14 galdu zuten.
Zubietak eta Xalak gora
Eskuekin arazoak izan eta gero, argia ikusten ari zela adierazi zigun Aitor Zubietak aurreko astean. Sentsazio hobeak zituela aipatu zigun atzelari etxarriarrak, hobeto entrenatzeko aukera izan zutela, eta Xalak eta berak euren jokoa berreskuratuko zutela eta gora egingo zutela ez zuen zalantzarik Zubietak. Eta bete egin da iragarpena, Xalak eta Zubietak 22-20 hartu baitzituzten menpean Aimar Olaizola eta Aretxabaleta, partida oso on, lehiatu eta gogorrean.
Xalak eta Zubietak jokoa atzera bideratu zuten, Aretxabaleta estutzeko. Eta hasieran lortu zuten, Aimar jokotik desagertarazi baitzuten, 8-4 aurreratuz. Baina Goizuetako pilotaria jokoan sartu zen eta buelta eman zion markagailuari, 14-13 aurreratuz. Hortik aurrera parez pare aritu ziren bi bikoak. Zubieta, aspaldiko partez, eroso, seguru eta ongi aritu zen atzean, eta Xala ere bikain aritu zen aurrean, pilotakada eta erremate bikainak joz eta Aimar mugiaraziz. Aretxabaletak asko sufritu zuen, bi aste zeramatzalako jokatu gabe eta pil-pilean zegoen Zubietari aurre egin behar izan zion. Aimarrek bikain jokatu zuen; beste batzutan baino gehiago aritu behar izan zuen defentsan, baina hala ere, 12 tanto egin zituen. Bukaeran, eta nahiz eta sufritu behar izan, garaipen inportantea lortu zuten Xalak eta Zubietak, 4. puntua lortuz eta finalerdietara sailkatzeko borrokan bete betean sartuz. Zubieta hobeto aritu zen atzean eta Xalak alde hori baliatzen jakin zuen. Euren jokoa eta euren maila berreskuratuta, pozik bukatu zuten partida.
Datorrena
Binakakoak emozioz gainezka jarraitzen du. Ostiralean Titin eta Merinoren kontra aritu beharko dute Ezkurdiak eta Zabaletak. Eta tarte honetan Zabaletak ongi osatzeko astia duen eta partida polita egiteko gai diren sakandarrak. 2 puntu dituzte eta bai ala bai irabaztera behartuta daude. Bestalde, konfiantza berreskuratu eta gero Urrutikoetxea eta Beroizen kontra ariko dira Xala eta Zubieta. Bi bikoek launa puntu dituzte eta berdinketa hausteko partida garrantzitsua izango da larunbatean Maulen jokatuko dena.