A13 talde herritarrak (Etxarri 1312-2012 ekimenaren lekukoa hartu duenak) herri galdeketa antolatu du Etxarri Aranatzen apirilaren hamairurako. Pentsaera, jardun zein jatorri anitzeko herritarrak biltzeko gaitasuna izan duen talde honek gonbitea luzatu digu Etxarriko eragile guztiei bakoitzak egokien ikusten dugun moldean geure ekarpena egiteko herri osoaren parte-hartzearekin aberats eta mugarri izan nahi duen eztabaida honetan. Sortutik ere gure aletxoa jarri nahi dugu etxarriar guztien eta bakoitzaren aleak gehituz osa behar dugun herri borondatearen mosaikoan.
“Nahi al duzu Euskal Herri independiente bateko herritarra izan?” galderari erantzun zehatza ematera deituak gaude etxarriarrak. BAI, EZ, boza paper zuria edota boza paper baliogabea hautestontzietan sartzea dira eskura ditugun aukerak. Gutako bakoitzak erabaki behar du zein den norberaren iritzia hobekien islatzen duen boza aukera. Esanen nuke badagoela gutxienez beste galdera bat hauteskunde-mahaira hurbildu aurretik guztiok geure buruari eginen dioguna: zer balioa du bi mila bostehun biztanle besterik ez dituen udalerri bakar batean eginen dugun galdeketak? Kataluinako Arenys de Munt herrian lehenengo galdeketa egin zenean alkatea zen Josep Manuel Ximenis-ek eman zigun erantzuna Etxarrin eskaini zuen hitzaldian: “bidea irekitzea egokitu zaizue; jakin ezazue historiako orri garrantzitsu bat idatziko duzuela”. Bete-betean asmatu zuelakoan nago; Euskal Herria era demokratikoan antolatzea nahi badugu, herri gisa erabakiak hartzeko tresnak eraiki beharko ditugu. Herri gisako erabakiak hartu ahal izateko euskal herritar bakoitzari galdetu egin beharko zaigu; eta erantzuna eman beharko dugu. Etxarriarrak bi erronka garrantzitsu ditugu: bata, geure etorkizuna gu geuk erabakitzea nahi dugula erakutsi behar dugu; eta biga, erakutsi behar dugu ere badakigula geure burua antolatzen maila haundiko helburuak lortzeari begira. Etxarrik apirilaren hamahiruan ereingo duen hazia aski ongarritua dagoen ama lurrak jasoko duela jakitun gara. Urrats txikia dela iruditu arren; helmuga eta bidea erakusten dituen heinean egun haundia izanen da Euskal Herri osoarentzat lehenengo herri galdeketaren eguna.
Beraz, Sortutik egin nahi dugun lehenengo ekarpena eztabaida bultzatzearena da. Badakigu jakin etxarriarren artean baiezkoaren zein ezezkoaren aldeko herritarrak gaudela; aukera bakoitzaren alde eta kontra dauden argudioak mahai gaineratzeko unea iritsi da. Argudioen trukaketa errazteko asmoarekin, mahai ingurua antolatu du Sortuk otsailaren 15ean, arratsaldeko 6ean Etxarriko Kultur Etxean. Sortuko Hasier Arraiz eta CUPeko legebiltzarkidea den Dabid Fernandez egonen dira gurekin Katalunia zein Euskal Herrian egiten ari garen bideak alderatzeko. Elkarrengandik ikasi eta indarrak hartzeko aukera balia dezagun.