Lurkideen aurreneko batzarra

Guaixe 2014ko otsailaren 14a

Deikaztelu eta Itsaso arteko goi tentsioko argindar linearen kontra konpromisoa azaldu duten 247 kide bilduko dira

Larunbatean, 11:00etan, Artikako kultur etxean Lurkideen aurreneko batzarra eginen da. Autopista Elektrikorik Ez! plataformaren kanpaina bati babesa eman dioten pertsonak eta erakundeak dira lurkideak. Deikaztelu eta Itxaso lotuko dituen 400 KV-eko linearen proiektuan aurreikusitako 247 argindar dorreen amabitxiak eta aitabitxiak dira Lurkideak.

Geroa lurretik hasi leloa hartuta Lurkide egin diren erakunde eta elkarteek argindar dorreek hartuko luketen 10 x 10 metroko azalera babesteko konpromisoa hartuko dute, haren jabetza eskuratu gabe. Lurkideek eremu horiek defendatzeko konpromisoa hartu dute. Horretarako, Lurkide batzarrak onartutako ekintzak egin beharko dituzte. Aldi berean, Lurkideek euren inguruan proiektuaren inguruko informazioa zabaltzeko konpromisoa hartu dute.

Plataformatik gogorarazi dute goi tentsioko argindar linearen kontrako mozioa onartu dutela 220 udalek eta kontzejuk. 173 alkatek ere proiektuaren tramitazioa gelditzeko eskatu dutela eta proiektua bukatzeko eskatuz 14.000 alegazio aurkeztu zituztela herritarrek.


Sakanan  
Ibarrean 71 dorre jartzea aurreikusi da. Horiei Altzaniako partzoneriako seiak gehituz gero 77 lirateke. Gainera, ibilbide guztian dorre gehien hartuko lukeen udalerria ere sakandarra da: Arakil, 22 dorrerekin.

Udalerria    Dorre kopurua
Arakil           22     
Irañeta          3     
Uharte Arakil  9    
Arruazu       2     
Lakuntza     2     
Arbizu         5     
Etxarri Aranatz 8     
Bakaiku     4     
Iturmendi  4     
Urdiain      4     
Altsasu      8