Sakanako Kopa Morenorendako eta San Martinendako

Guaixe 2014ko otsailaren 13a

Antolatzaileak, babesleak, sarituak eta beste asteazkeneko sari ematean.
Asteazken gauean burutu zen Sakanako Atletismo Kopako sari banaketa

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak, Dantzaleku Sakana Atletismo Taldearen laguntzarekin eta Lasa Kirolak dendaren babesarekin antolatutako Sakanako X. Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Sariak baditu txapeldunak. Koparekin atletismoa sustatu nahi da eta Sakanan antolatutako probetan aritzera animatu nahi dituzte atleta sakandarrak, parte-hartzea sustatzeko.

Aurten 4 probek puntuatzen zuten Sakanako Kopan: Bakaiku-Iturmendiko X. Aitzkozar Herri Krosak (maiatzak 25), Ergoienako X. Birak (irailak 21), Sakanako XIII. Herri Lasterketak (urriak 26, Etxarri Aranatz) eta Altsasuko Barricarteren Oroimenezko Oinezko Lasterketak (abenduak 8). Gizonezkoetan Javier Moreno altsasuarra izan da onena eta berarendako izan da kopa, Felix Benjumearen eta Juantxo Arregiren aurretik sailkatu eta gero. Eta, emakumezkoetan, Erkuden San Martin izan da finena, Jone Pelaezen eta Ixa San Martinen aurretik.

Saria: kirol materiala
Sari ematea asteazken gauean egin zen Altsasuko Lasa Kirolak dendan. Irabazleek aipatu dendan kirol materialean gastatzeko 80 euroko txartela jaso zuten, bigarrenek 60 eurokoa eta hirugarrenek 40 eurokoa.

Zozketa
Horretaz gain, Sakanako Koparako baliagarriak ziren 4 probatan parte hartu zuten korrikalarien artean bi pertsonendako gau bat eta gosaria zozketatu ziren Lizarragako Bentan. Ondoko korrikalariek parte hartu zuten lau probatan: Erkuden San Martin, Jone Pelaez, Ixa San Martin, Javier Moreno, Juantxo Arregi, Juantxo Azurmendi, Santi Agirre, Ismael Lopez de Goikoetxea, Aingeru Azazeta eta Felix Benjumea, eta sariaren zozketan Javi Moreno izan zen onuraduna. Zorionak guztioi!