Langabeziarako ilbeltza

Guaixe 2014ko otsailaren 13a

30 pertsona gehiago batu ziren lan bila daudenen zerrendara. Guztira 1.800 ziren ilbeltza akaberan, duela urte bat baino 172 gutxiago

Bigarren hilabetez segidan langabezia igo egin da Sakanan. Abenduan eta ilbeltzean 103 izan dira enplegu bulegoan izena eman duten sakandarrak. Ibarrean Nafarroako langabetuen %3,39 dugu, herrialdearen populazioaren %3,22 garenean.

Generoari erreparatuta antzeko kopuruak badira ere, emakumezkoak dira lan bila dauden gehienak, 932 (%51,78, 60 gehiago). Gizonezko langabetuak ilbeltza akaberan 868 ziren (%48,22, 30 gutxiago). Adinari dagokionez, lan bila ari ziren gehienak 25 eta 44 urte artean dituzte, 829 (%46,06, 20 gehiago). Enplegu bulegoan izena emanda dauden 45 urtetik gorako 803 sakandar zeuden urte akaberan (%44,61, 12 gehiago). 25 urte baino gazteago diren 168 sakandar daude azkenik (%9,33, 2 gutxiago).

Sektoreei dagokienez, 1.006 langabe dira zerbitzuetan lan egin nahi luketenak (%55,89, 43 gehiago). 523 langabeen (%29,06, 8 gutxiago) industrian ariko lirateke. Eraikuntzan, berriz, 141 (%7,83, 1 gehiago). Lehen sektorerako 34 eskaera daude (%1,89, 2 gehiago). Azkenik, aurretik lanik egin ez eta lan bila dabiltzanak 96 dira (%5,33, 8 gutxiago).

Langabezia udalerrika. Ilbeltza
Udalerria       Guztira      Aldea
Altsasu              870        6
Arakil                  70        4      
Arbizu                 80       11
Arruazu                 2       -1
Bakaiku               19        4
Ergoiena               9         1
Etxarri Aranatz   172       -2
Irañeta                11        1
Irurtzun             199        8
Iturmendi            22        0
Lakuntza             79       -3
Olatzagutia        139        3    
Uharte Arakil       61        1
Urdiain               33        -5
Ziordia                28        0
Guztira          1.800      30


Urte akaberan prestazioak jasotzen zutenen kopuruak Altsasuko bulegoan
Ordaindutakoaren araberako prestazioa    502
Langabezia-sorospena                             303
Gizarteratzeko errenta aktiboa                   33
Guztira                                                  838

Abendu akaberan langabeen %53,9k jasotzen zuten prestazioren bat. 715 pertsona (%46,03) ez zuten prestaziorik jasotzen. Horiei Iruñeko zabalguneko bulegora joaten diren arakildarrak eta irurtzundarrak gehitu beharko litzaieke Sakanako datu zehatza izateko.