Sakanako Ikastolen mendi taldeak irteera polita antolatu du iganderako. Burunda ibaiko iturburutik Araiara joatea da asmoa, 4 km-ko mendi ibilaldia eginez. Igandean, goizeko 10:00etan jarri dute hitzordua, Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolan. Ibilbidea oso polita da, eta antolatzaileek adierazi dutenez, mendiko botak behar dira ibilbidea egiteko eta ez da haur aulkitxoetarako ibilaldi egokia. Jakina, guraso bakoitza euren seme-alabez arduratu beharko da.
Sakanako ikastolek etxeko txikiengan mendizaletasuna sustatzeko antolatzen dituzte aipatu ibilbideak, familia osoak mendira joatea ahalbideratzeko. Edozeinek egin dezake bat taldearekin. Hurrengo txangoa martxoaren 16an eginen dute, Lekunberrin, Plazaolako ibilbidean.
Altsasuko eta Iratxo
Altsasuko Mendigoizaleek igandean txangoa antolatu dute. Mendaur mendia igotzea da asmoa. Aldiz, Irurtzungo Iratxokoek ibilbidea antolatu dute Arangoitin.
Andoain-Plazaola
Sakanako Mendizaleak taldeak hurrengo asteburuan, otsailaren 23an, Andoain-Plazaola mendi ibilbidea antolatu du. Autobusa goizeko 7:00etan aterako da Olaztitik eta Sakana guztian barna geldialdiak eginen ditu, mendizaleak jasotzeko. Izena ematea ohiko tokietan egin behar da, herrietako mendi arduradunei esanez edo 639 11 76 31 telefonora hots eginez.