Gizarte arloko boluntarioak behar dira

Guaixe 2014ko otsailaren 14a

DYAko boluntarioak egoitza aurrean, Sakanako 25 urteurrena ospatu zutenean
Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak egin du deialdia. Gainera, lanean ari diren boluntario taldeen lana erakusteko egitaraua antolatu du

Burunda mendebaldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak urtero herrira begira ekintzaren bat antolatzen du. Dagoen premia ikusita aurten boluntarioen gaia lantzea erabaki dute Mankomunitatean, “gure zerbitzuan behar konkretu batzuk aurrera ateratzeko laguntza beharra dagoelako”. Mankomunitateko teknikariek argi ikusten dute herrietan bete gabeko beharrak daudela eta boluntarioei esker horiek ase eta ideia eta proiektu berri asko aurrera atera daitezkeela. Horregatik, gizarte parte-hartzeari buruzko azalpenak programazioa prestatu dute, astelehenetik aurrera garatuko dena.  


Gertutik
Arantxa Erbiti
Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko arduraduna

Zer da zehazki gizarte boluntarioa?
Bere denboraren zati bat ematen duena jarraian, eskuzabaltasunez eta arduraz beste pertsonen aldeko edo gizarte osoaren aldeko jardueretan. Nork bere borondatez egiteko jarduera da boluntario izatea. Jarduera jarrai bat, elkarte edo erakunde baten baitan, doakoa eta arduraz egina.

Edozein izan daiteke boluntario?
Bere denbora jarduera berezi batzuetara eskaini nahi duen edonork. Esan beharra dago ere boluntario izateak konpromisoa eskatzen duela eta baita modu jarrai batean ematea ere.

Zein izanen da boluntarioen egitekoa?
Gure zerbitzutik argi dauden beharrak dira zailtasunak dituzten adin txikikoei laguntza klaseak ematea, hirugarrena adineko edo zailtasun bereziak dituztenei mota ezberdineko laguntza eskaintzea (konpainia, paseoak, kudeaketa txikiak….) eta sor daitekeen edozein aukeraren arabera.

Hiru herrietan sortu nahi dituzue boluntario taldeak edo denak bakarrean batuko dituzue?
Hori ez da zehaztu, izena ematen duen jendearen kopuruarekin oso erlazionatua dago. Dauden baliabideak ikusita erabakiko da.



Erakusketa
Burunda mendebaldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak hiru herrietan dauden beharren berri emanen dute eta boluntarioekin egin daitekeen lana erakutsiko dute. Aldi berean, gaur egun Burunda mendebaldean lanean dauden boluntario taldeak euren lana erakusteko balioko du erakusketak. Izan ere, astelehenetik ostiralera, egunero erakusketan taldeetako ordezkariak egonen dira haien jardueren berri ematen.

Zerbitzuko arduradunek nahi lukete burundarrak boluntario lanetan hastea, zerbitzuan edo lanean ari diren boluntario taldeetan. Erakusketan izena emateko aukera izanen da. Esan digutenez, horrela “gizarte aktiboagoa eraikitzen da; herri osasuntsuagoa sustatzen da; parte hartzeko aukerak eskaintzen dira eta ditugun jakituria eta bizipenak partekatzeko modua da”. Erakusketa gaur egun lan egiten ari diren boluntarioei eskerrak emateko ere badela esan digute mankomunitatetik. Ziurtatu digutenez, “ azaleraziko ditugun baino boluntario talde gehiago dago lanean”.

Otsailaren 17tik 23ra, astegunetan 18:30etik 21:00etara eta domekan 19:00etatik 21:00etara Altsasuko Iortia kultur gunean. Burunda mendebaldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak. Egunero bi boluntario taldearen aurkezpena.

Taldeen txandak
Astelehena 17: Caritas-Elikagai bankua+Sakanako Ezgaituen Elkartea

Asteartea 18: Hitzondo+Ekuatoriarren elkartea

Asteazkena 19: Josefina Arregi klinikako lagunen elkartea+DYA

Osteguna 20: Olaztiko boluntarioak+Burunda mendebaldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak

Ostirala 21: Bocalan Biak bat+Mintzakide
  

Hitzaldia
Astelehenean, 18:30ean, Iortia kultur gunean gizarte parte hartzeari buruzko hitzaldia izanen da. Hitza hartuko dute boluntario izatea sustatzeko CANek duen Volcan programako ordezkari bat eta hiru boluntariok: adin txikikoei laguntza klaseak ematen diena, adinduekin aritzen den bat eta Josefina Arregi klinikan aritzen dena. Egin beharrak, bete-beharrak, taldea nola sortu eta hainbat esperientzien berri emanen dute.


Antzerkia
Otsailaren 22an, larunbatean, 22:00etan Iortia kultur gunean Pantxika Lamurren emanaldiarekin itxiko da gizarte boluntario izateari buruzko programazioa. Sarrera ordaintzeko jakiak eraman beharko dira. Bestalde, kultur gunean bertan jakiak biltzeko kutxak jarriak daude duela bi astetik edo. Han bildutakoa Nafarroako Elikagai Bankuak kudeatuko du.