1.Rokodromo berria dugu Etxarrin.
Bai. Orain arte ez da egon rokodromorik Etxarrin, hau lehenengoa da. Guk dakigula, Sakanan Altsasun, Olaztin eta Lakuntzan daude rokodromoak, eta orain Etxarrikoa.
2.Etxarrin rokodromo baten beharra zegoen?
Bai. Orain arte Lakuntzakoan ibili gara, bertan biltzen ginen eskalatzea gustatzen zitzaigun jendea. Baina eskaladan gabiltzan geroz eta jende gehiago gaude Etxarrin eta rokodromoa beharrezkoa zen. Gainera, orain rokodromoa izatean, espero dugu jende gehiago hurbiltzea. Etxarrin mendi zaletasuna badago, mendi lasterketei ere eta uste dugu eskaladari ere bai. Orain dago aukera hasteko.
3.Garai batean eskaladarekiko halako bonboa egon zen, gero pasatu zen eta orain gora egin du berriz?
Txikiak ginela bazegoen Etxarrin eskalatzen aritzen zen koadrila bat. Lehen nahiko jende ibiltzen zen, baina egon dira urte batzuk jendea igual ez dela hainbeste ibili. Orain badirudi berriro gorakada eman duela, eta orain, rokodromoarekin, pentsatzen dugu jende gehiago animatuko dela.
4. Non dago Etxarriko rokodromoa?
Medikuaren etxe zaharra izan zen eraikinean, gero DYAko egoitza eta Etxarriko musika eskola izan zen etxean. DYAko atea izan zen atetik sartuta eskuinetara. Goian arte eskolakoak egoten dira eta behean gu gaude eta badago beste gelatxo bat.
5. Nola sortu zen Etxarrin rokodromoa egiteko ideia?
Lakuntzara joaten ginen etxarriar taldetxo bat eta pentsatu genuen: zergatik ez Etxarrin rokodromo bat egin? Herri handia da, jendea gaude, zergatik ez? Orduan, mugitzen hasi ginen. Udaletxera jo genuen ea aukeraren bat zegoen galdetzeko, eta idatzi bat aurkeztu genuen udaletxean, rokodromoa egin ahal izateko lokal bat eskatuz. Udalaren harrera oso ona izan zen, rokodromoaren beharra ere ikusi zuten. Lokala utzi ziguten, diru-laguntza eman digute eta oso ongi portatu dira. Duela urte bat hasi ginen kontua mugitzen. Dirua bildu, materiala erosi eta rokodromoa martxan dago.
6. Nortzuk zarete bultzatzaileak?
Taldetxo bat. Lanak egiten dozena erdi bat aritu gara, baina jende askok ere ez zekien zertan genbiltzan. Orain 20ren bat etxarriar biltzen gara rokodromoan; mugimendua badago.
7. Nola prestatzen da rokodromo bat?
Finean egitura bat dago atzean, eta egiturako angelu horietatik egurrezko taulak jarri behar dira gainean, inklinazioa emanez. Taula horiek taladratu egin behar dira. Lan dezente du horrek. Eta taulen gainean presak jarri behar dira. Babesteko lurrean koltxoiak jartzen dira. Guk egin dugu lan guztia. Materiala erosi genuenetik 3 hilabete eman ditugu muntatzen, lasai-lasai.
8. Rokodromo bat muntatzeak aurrekontu handia eskatzen du? Eta mantentze lanek?
Hasieran diru nahikoa jarri behar da, materiala garestia delako: presak garestiak dira, taula ugari behar dira, angeluak… Hasieran inbertsioa egin behar da, baina gero, urte askotan ez da gehiago gastatu beharrik. Mantenuan guztia ongi garbitzearekin eta tarteka presaren bat aldatzearekin nahikoa da. Urtean kuotatxo bat jartzearekin, urtean barna kontrol bat eramateko nahikoa.
9. Zertarako balio du rokodromo batek?
Eguraldi txarra egiten duenean edo gaua denean eskaladan entrenatzeko, gero malkorretara joan ahal izateko. Korrika egiten duenak entrenatzeko korrika egiteko zinta erabiltzen duen bezala, eguraldiak ez duenean laguntzen, eskalada praktikatzeko aukera ematen dizu rokodromoak. Eta baita ongi pasatzeko aukera ere, giro polita sortzen baita. Lauzpabost lagun entrenatzera elkartuta, ongi pasatzen duzu. Badakizu, lagunartean…
10. Ikastaroak antolatuko dituzue, eskalatzen ez dakitenak animatzeko?
Lehendabizi rokodromoaren promozioa egingo dugu. Jendeak jakin dezala rokodromoa zabalik dagoela eta edonork ateak irekita dituela. Eta bai, ikastaroak egiteko asmoa badugu, jendea erakartzeko. Neskak ere gonbidatuak daude. Gehiago kostatzen zaie hurbiltzea, gehienak mutilak gara. Oraindik ez dugu rokodromoa %100ean martxan, eta orduan mugituko dugu dena. Asmoa da rokodromoa herriko jendeari zabaltzea, ikastetxeekin ere egon nahiko genuke, haurrendako soinketa orduan pixkat erabili nahi badute. Rokodromoa zabalik dago mundu guztiari.
11.Zuekin harremanetan jartzeko zer egin behar da?
Bertatik pasatu, beti dago norbait, eta gutako edonorekin hitz egin. Argia ikusiz gero, sar dadila nahi duena inolako lotsarik gabe. Oraindik ez dago erabat muntatuta. Koltxoi gehiago jarri nahi ditugu, segurtasun aldetik hobetzeko, eta presa gehiago jarri nahi ditugu, jende hasi berriari errazteko, rokodromoa denon eskura egoteko.