Asteburuko jardunaldiak kontentu utzi ditu Sakanako pilotazaleak. Binakakoan dabiltzan pilotari sakandarrek garaipena lortu zuten, eta Binakakoan aurrera egiteko aukerekin segitzen dute. Xalak eta Aitor Zubietak 5 puntu dituzte eta finalerdietara sartzeko lehian sartuta daude, bete betean. Jokoa berreskuratu dute, sasoiaz ongi daude eta garaipenek eurekin dakartzaten morala, goian. Ezkurdiak eta Zabaletak, aldiz, 3 puntu dituzte, baina sailkapena oso estu dagoenez, garaipenen bidean jarraitzen badute finalerdietan sartzeko aukerak izan, badituzte. Ostiralean jokatu zuten bezala jokatzen jarraitzea da gakoa.
Zabaleta, berriro jaun
Ostiralean, Bastidan, Ezkurdiak eta Zabaletak 17-22 irabazi zieten Titini eta Merinori. Sakandarrak irabazi beharrean zeuden txapelketan aukerekin jarraitzeko eta badirudi presio horrek on egin ziela, partida gogorrean errioxarrak irabazteko gai izan zirelako. Zabaletak gripeari buelta eman dio eta sekulako pilotakadak jo zituen, tarte batzutan Merino jokoz kanpo utziz. Zabaleta atzean sendo, eta Ezkurdia sentsazio onekin aritu zen. Hasieratik aurreratu ziren sakandarrak, eta nahiz eta errioxarrek estutzen saiatu, sakandarrak ez ziren urduritu eta salbazioaren garaipena lortu zuten.
Zubieta onena
Xalak eta Zubietak 22-16 irabazi zieten Urrutikoetxea ordezkatu zuen Saralegiri eta Beroizi Maulen. Serio jokatu zuten Xalak eta Zubietak, eta nahiz eta hasieran Saralegi eta Beroiz 5-1 aurreratu, egoerari buelta eman eta 7-11 aurreratu ziren lapurtarra eta etxarriarra. Zubietak atzeko koadroetan agindu egin zuen eta hori izan zen partidako gakoetako bat. Gainera, Xala dirdiratsu aritu zen, tanto politak eginez eta Saralegi jokoz kanpo utziz. Horrela, garaipen polita lortu zuten eta finalerdietarako urrats handia egin zuten.
Hurrengo asteburuan zer?
Binakako hasierako ligaxkako 10. jardunaldian, Ezkurdiak eta Zabaletak Aimar Olaizola eta Aretxabaleta izanen dituzte arerio ostiralean Urdulizen (ETB1). Asegarcekoak sekulako maila ematen ari dira, baina joanekoan Ezkurdia eta Zabaletak irabazi zituzten, eta, hortaz, sakandarrendako posiblea da atzera ere gailentzea. Hori bai, Aimarrek eta Aretxabaletak errebantxa hartu nahiko dute, eta partida oso lehiatua espero da.
Bestalde, Xalak eta Zubietak Titin eta Merinoren kontra aritu beharko dute larunbatean Labriten. Jokoa berreskuratuta, morala altu eta animoz beteta ariko dira lapurtarra eta etxarriarra, 6. puntua lortzeko prest. Baina errioxarrek ez dizkiete gauzak batere erraztuko eta lehia gogorra espero da Iruñeko bomboneran.
Sailkapena
7 puntu: Olaizola II.a-Aretxabaleta eta Irujo-Barriola
5 puntu: Xala-Zubieta
4 puntu: Titin III.a-Merino II.a eta Urrutikoetxea-Beroiz
3 puntu: Berasaluze-Albisu, Ezkurdia-Zabaleta eta Bengoetxea-Zabala
10. jardunaldia
Olaizola II.a -Aretxabaleta / Ezkurdia-Zabaleta (ostiralean, Urdulizen. ETB1)
Titin III.a-Merino II.a / Xala-Zubieta (larunbatean, Iruñean)
Berasaluze-Albisu / Bengoetxea-Zabala (larunbatean Amorebietan)
Irujo-Barriola / Urrutikoetxea-Beroiz (igandean)