Altsasuren garaipen polita Baztanen kontra

Guaixe 2014ko otsailaren 17a

Lagun Arteak liderrarekin berdindu zuen eta Etxarriri 2-3 irabazi zion Kirol Sportek

Beti Kozkor liderraren kontra husna berdindu zuen Lagun Artea B-k. Bi taldeak parez-pare aritu ziren. Beti Kozkorrek aukera politak izan zituen, baina Lagun B-ko jokalariak euren asmoak zapuztu zituen. Lagun Artea B-k ere gol aukera onak sortu zituen kontraerasoan, gauzatu ez zirenak. Bukaeran, puntu banaketa partida onean.

Altsasuk garaipen polita lortu zuen Baztanen kontra, Dantzalekun jokatutako partida entretenigarrian. Partida hasi eta berehala, Altsasuk bi penalty huts egin zituen. Aldiz, Baztanek bere aldeko penaltya asmatu eta markagailuan aurreratu zen. Baina Altsasu Baztanen atera iristen hasi zen eta Dariok berdintzea eta Jonek, penaltyz, Altsasu 2-1 aurreratzea lortu zuen. Bigarren zatian Baztan jokalari bat gutxiagorekin geratu zen eta Altsasuk beste bi gol sartu zituen, Dariori eta Davidi esker. Garaipen inportantea Altsasurendako.

Bukatzeko, Etxarriri 2-3 irabazi zion Kirol Sportek San Donato futbol zelaian. Etxarrik dominatu zuen lehen zatian, baina etxarriarrek izan zituzten gol aukera argiak ez zituzten borobiltzen jakin, eta atsedenaldira Pablok sartutako golaren abantailarekin joan ziren. Bigarren zatian Kirol Sportek izandako aukerak ongi aprobetxatu zituen eta Otxotorenak berdindu eta gero, Leivak bi gol sartu zituen, Kirol Sport 1-3 aurreratuz. Etxarri saiatu zen baina Kirol Sportek ongi defendatu zuen bere atea eta etxarriarrek ezin izan zuten berdindu.

Lagun-Etxarri derbya
Sailkapen orokorrean Lekunberriko Beti Kozkorrek jarraitzen du lider (43 puntu). Lagun Artea B 5.a da (32 puntu), Altsasu 7.a (29 puntu) eta Etxarri Aranatz 15.a (16 puntu). Asteburuan Lagun Artea B eta Etxarriren arteko derbya jokatuko da eta Errotxapearen kontra lehiatuko da Altsasu.