Enplegua sortzea begi puntuan

Guaixe 2014ko otsailaren 17a

Sakantzen Sareak hiru proiektu berri landuko ditu ekonomia sustatu eta kalitatezko lanpostuak sortzeko

Larunbatean egindako IV. Jardunaldi Irekian Sakantzen Sareak bere jarduna birpentsatu eta aurrera begirako urratsak zehaztu zituen. Urte eta erdi dinamika jakin batekin eman ondoren “azken hilabeteetan dinamika hori aldatu beharra genuela ikusi dugu”, azaldu zigun sareko kide Jon Etxeberria Ijurrak.

Saretik kanpoko pertsonen ikuspegia jasotzeko ere balio izan zigun larunbateko hitzorduak. “Ideia oso baliagarriak eman dizkigute”, jakinarazi zigun Etxeberriak. Horietan oinarrituta aurrerako bidea zehaztuko du sareak. Ideia horiek ez ziren soilik sakandarrenak izan.

Sakantzen Sarearen antzeko dinamika dago Urola Garaian, Sortzen izena du eta ibarreko esperientziaren antzera duela urte eta erdi darama lanean. Alde bakarra, hura garapen agentziatik sortu zela eta Sakanakoa gizarte mugimendutik. Etxeberriak azaldu zigunez, “eskaintzen dituen hainbat tresna zein diren eta ekintzaileei nola laguntzen dieten azaldu digute. Horrek balioko digu aurrera begira zerbitzuak hobetzeko”.

Aurrera begirako jarduna zehaztu zuten. Hala ere, larunbatean espero zutena baino jende gutxiago bildu zen, 30. Hala ere, landu nahi zituzten gaien inguruan aritu ziren eta horrekin pozik zeuden sarekideak. Etxeberriak esan zuenez, jardunaldia “oso produktiboa” izan zen, “kalitatea egon da”.


Aurrera begira
Hiru proiektu ditu esku artean Sakantzen Sareak.

Inkubategi kooperatiboa: ekin behar dioten pertsonei hasieran enpresa komun baten estalpean jarduteko aukera. Horrek hasieran kostuak aurreztea ekarriko dio.

Ekintzaileen topaketa. Hurrengo hilabeteetan landuko da. Asteburuko topaketa litzateke eta ekintzaile bakoitzak bere enpresa-ekimena aurkezteko aukera izanen luke. Jardunaldia gizarte guztiari zabalik egonen litzateke. Prestakuntza saioekin eta hitzaldiekin osatuta. “Denen arteko sinergiak eta loturak lortzen saiatzeko”.

Ideia ekaitzeko emaitzak. 2012ko azaroan ibarreko zortzi herrietan aldi berean egin zen ideia ekaitzean jasotako ideiak, 210, erakusketa batean ikusgai jarriko dituzte. “Ideia horiek gizarteratu nahi ditugu. Gerta daiteke pertsona batek ideia egokirik ez izatea baina bai proiektua aurrera eramateko jarrera. Ideiak eta sakandarrak hartu-emanean jarri nahi ditugu”.

Sakantzen Sarea oso tresna garrantzitsua da jendea sozialki mugitzeko eta dinamizatzeko. Lana egiten jarraitu beharra dago.


Gizarte sarea
Bertako kideek beti esan dute Sakantzen Sareko baliabide garrantzitsuena pertsonak direla. Edozeinek parte hartu dezake. Harremanetarako: sakantzensarea@gmail.com edo www.sakantzen.org