Martxoan hasiko da 2014ko Sakanako Aizkora Eskola. Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak antolatu du, Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin. Eskolaren bitartez bi helburu nagusi bete nahi dira; batetik, aizkora bera bultzatzea eta, bestetik, Sakanan aizkolari harrobi on bat osatzea. Urteak dira Sakanan aizkora eskola antolatzen dela eta asko dira bertatik atera eta egun txapelketetan aritzen diren sakandarrak.
Aizkora eskola martxoan hasiko da eta astero bi egunetan gauzatuko da, asteazkenetan (19:30-20:30) eta larunbatetan (12:00-13:00), Floren Nazabal aizkolariak Etxarri Aranatzen duen bordan.
Izena emateko
Izena ematea zabalik dago, otsailaren 28a baino lehen, Mank-eko kirol zerbitzuan (948 464 866 telefonoa edo kirolak@sakana-mank.com posta elektronikoa). 10 eta 35 urte bitarteko neska-mutikoei zuzendua dago aizkora eskola, eta prezioa 55 eurokoa da.
Sakanako Aizkora Eskolak aukera polita ematen die aizkora gustuko dutenei eta aizkoran hasteko beharrezkoak diren baliabideak -aizkorak, entrenatzeko tokia, enborrak eta beste - ez dituztenei. Izan ere, aizkoran hastea zaila suertatzen zaie familian edo lagunartean aizkolariak ez dituztenei.
Irakasleak, puntako aizkolariak
Monitoreak aizkorari lotutako sakandarrak izango dira: Floren Nazabal aizkolari txapeldun handia, bere aita Juan Mari Nazabal, aizkolari izandakoa, eta Juanito Erdozia, aizkolari izandakoa eta oraindik tarteka enborrera igotzen dena. Aurreko urtean bete egin zen aizkora eskolarako zegoen tokia –15 ikasle– eta aurten erantzun bikaina espero da ere, aizkoran murgiltzeaz gain sortzen den giroa oso polita delako.