Goi tentsioko linearen kontrako Lurkideak

Guaixe 2014ko otsailaren 19a

Larunbatean Artikan egin zen Lurkideen aurreneko batzarra. Bertan Lurkide konpromisoa hartu duten 247 erakundeetako ordezkariak bildu ziren. Deikaztelu-Itsaso argindar linearen proiektuan aurreikusitako 247 dorreak hartuko dituzten eremuak babesteko konpromisoa adierazi zuten guztiek, tartean Sakanako arlo guztietako 71 eragilek. Guztiek ere, “dagokien dorrearen tokian, lurraren defentsan beharrezkoak jotzen diren ekintzak egiteko” konpromisoa hartu dute Autopista Elektrikorik Ez! plataformak eskatuta.

Batzarrean aurreneko ekintza martxoaren 30ean, 11:00etan, egitea erabaki zuten. Egun eta ordu horretan 247 eragileetako ordezkariak dorreak hartuko lituzketen lur eremuetara joanen dira. “Babestu” duten eremu hori goi tentsiorik gabeko eremu librea dela adieraziko dute. Hala, 127 km-ko luzera duen proiektu baten 247 puntutan. Ekintza gehiago ere iragarri dituzte etorkizunerako, beti ere, egitasmoa bertan behera uzteko helburuz.

Aurretik
400 kW-eko argindar linea egitasmoaren kontra 220 udal eta kontzejuk mozioa onartu dute. 173 alkatek proiektuaren tramitazioa geldiaraztea eskatu zuten. 54 herritan herri galdeketa egin zen eta herritarren gehiengo zabala kontra zegoela adierazi zuen. Plataformaren bidez argindar linearen kontrako 14.000 alegazio ere aurkeztu dira.