Puntu bat baino gehiago jokoan

Guaixe 2014ko otsailaren 20a

Ezkurdia-Zabaleta eta Aimar-Aretxabaleta atzoko material aukeraketan. Argazkia: Aspe.
Irabaziz gero Xala-Zubietak alde polita aterako lukete eta Ezkurdia-Zabaletak aukerekin jarraituko lukete

Asteburuko partidak prestatzeko material aukeraketa egin zuten atzo pilotari sakandarrek. Xalak eta Zubietak 104,3, 104,8 eta 105,3 gramoko pilotak aukeratu zituzten. 5 puntu dituzte lapurtarrak eta etxarriarrak eta 4 puntu Titinek eta Merinok. “Gure materialak irteera gehiago du. Eurenak lehorragoak dira, baina biko bakoitzak nahi duguna aurkitu dugu” adierazi zuen Merinok. “Partida klabea da, final bat bezalakoa. 5. puntua lortuko bagenu eurekin berdinduko genuke, eta eurak irabaziz gero alde polita aterako lukete” gaineratu zuen Merinok. Iritzi berekoa zen Zubieta, izan ere, puntu bat baino gehiago dago jokoan. “Irabaziz gero gauzak oso ongi jarriko lirateke guretako, klabea den abantaila lortuko genuke. Aste hau puntu eta erdikoa da guretako” adierazi zuen etxarriarrak. Bi atzelarien arteko lehia ikusgarria espero da. “Zubietarekin agoantatzea tokatuko zait. Pilotakada luzeak jo beharko ditut eta Titinek aukera duenean, sartu” gaineratu zuen Merinok.

Ezkurdia-Zabaleta, irabaztera
Sakandarrek 3 puntu dituzte, eta finalerdietara pasatzeko aukerak izateko, ostiralean Aimar Olaizola eta Aretxabaleta irabazi beharrean daude. Lehen itzulian hala egin zuten, eta ea bigarrenean garaipena errepikatzen duten. Sakandarrek104,2, 104,3 eta 105,8 gramoko pilotak aukeratu zituzten. Sakandarrek dena dute jokoan, finalerdietako ligaxkan sartu ahal izateko irabazi beharrean daude. Aimarrek eta Aretxabaletak ez dute horrenbeste jokoan, sailkapenean goian daudelako, baina joanekoan galdu zutenez, gustura hartuko lukete errebantxa Ezkurdia eta Zabaletaren kontra. Ea zer gertatzen den.