Osasun etxeak erreformaren kontra

Guaixe 2014ko otsailaren 20a

Medikuek eta erizainek euren lan baldintzak okertuko direla salatu dute

Nafarroako Gobernuak landa eremuetako arreta jarraitua eta urgentziazkoa aldatzeko erreforma proposatu du. Marta Veraren departamentuak egindako proposamen berriak duela urte bat oposizioak Nafarroako Parlamentuan atzera bota zuena ordezkatzen du. Osasungintzako gehiengo sindikala (SMN, LAB eta ELA) erreformaren kontra agertu da. Baita Nafarroako landa eremuko 33 osasun etxeetako 30 zuzendari ere. Horien artean daude Sakanako hiruak: Irurtzungoa, Etxarri Aranazkoa eta Altsasukoa.

Etxarri Aranatzen medikua den Antonino Goikoetxeak eta esan digunez, mahai gainean jarri den erreformak jendeari ez dio ezertan eragiten: “osasun etxean goizetik 20:00etaraino egonen dira zabalik. Eta gauez beste mediku batzuk etorriko dira”.

Antolaketan dago aldaketa, Goikoetxeak esan digunez, erizainen eta medikuen lan baldintzak okertzen dituelako. Erreforma zirriborroan jaso denez, lanaldia 15:20an bukatu ondoren 20:00etarainoko mikro-zaintzak egin beharko lituzkete. Gaur egun arratsaldeko ordutegia Landa eremuko Larrialdi Zerbitzuko (LLZ) kideek betetzen dute. Aldaketarekin, arreta jarraituaren parte izanen da eta mediku eta erizainek egin beharko dute; 12 orduko lanaldiak. Gaur egun hilean bi zaintza egiten dituzte eta hurrengo egunean atseden hartu. Mikro-zaintzekin hilean lau lirateke zaintzak eta ostiral eta jaiegunen bezperetan 15:00etatik hurrengo eguneko 8:00ak arte ari beharko lukete lanean. Zaintzen ondoren atseden ere hartu behar dute eta erreforma gauzatuz gero osasun etxeetan antolakuntza arazoak aurreikusi dituzte.

Gainera, ordu extrak bezala ordaindu beharrean zaintza balira bezala ordainduko zaie. Horregatik, erreforma geldiaraztea eskatu dute. Sendagile eta erizainak, gainera, kexu dira erreforma lantzerakoan Osasun Departamentua ez delako haiekin harremanetan jarri. Osasun etxeetan lan egiten dituztenetatik LLZko profesionalak dira erreforma begi  onez ikusi duten bakarrak.