Erromanizazio prozesua Sakanan ere izan zela agerian uzten duten beste hiru zantzu topatu dituzte. Alderik alde, eta luze zabal Sakana erromatar garaian zeharka-bide jendetsua izan omen zen. Hiru izan dira aurkikuntza berriak: bi hilarriren bana zati aurkitu dituzte eta zin-hitzak idatzirik dituen harria (ara votiva). Olatzagutiko Belengo Andra Maria ermita zenaren hondarretan topatu dute zin hitzez idatziriko harria, Etxarri Aranatzen eta Uharte-Arakilen Zamartzeko Andra Maria ermitan, izan dira beste bi hilobien zatien topaketak. Garrantzirik handiena ara votiva-ren aurkikuntzak du, alegia, zin-hitzez idatziriko harriak.
Zin-hitzezko harritzarra, uste baino garai goiztiarrekoa izan daiteke. “ I edo II. mende artekoa izan daitekeela uste dugu”, azaldu du Mikel Markotegi historialariak. Oso garbi eta zehatz idatziriko testua du harriak. “Zin egiteko erabili ohi ziren hitzak nabarmenak dira”. Berezko ezaugarriak ditu gainera eta Sakanako erromanizazio prozesuaz datu gehiago eman ditzakeela uste dute. Olatzagutiko ermita zegoen alboko borda bateko horma batean aurkitu zuten. Bertatik hartu eta aztertu ondoren, bordara itzuli eta bertan jarria dago, gordeleku gisa.
Hilobi biren arrastoak dira beste bi aurkikuntzak. Lehenengoak, ez du forma zehaztua eta goiko aldea zein beheko partea hautsiak ditu. Hizkiak ere zaindu gabeak eta ez da ulertzen erraza. Idazteko moduagatik, garai zeltetakoa izan daitekeela diote. Bigarrena berriz, hilobi baten estalki gisa erabili zelakoan daude, itxura hori hartu diote. Erdi Aroko garaikoa dela ere antzeman daiteke.
Bila segitzeko asmoarekin
Arrastoak eta zantzuak bilatzen dabil lagun talde bat. Sakanan barrena mendi eta herri inguruak miatu eta aztertzen dituzte. “Erromatar garaiko edo lehenagoko aztarnez beteta dago Sakana, arazoa da ez dela bilaketa lan handirik egin, baina bilatuz gero aurkitu egiten da”, ohartarazi du Markotegik. Oraingoz, lagun taldean aritzen dira, baina elkarte bat sortzeko asmotan ere badabiltza. Norbaitek interesa izanen balu Mikel Markotegirekin harremanetan jar daiteke mezu bat bidalita helbide honetara: jmmarko@hotmail.com.
Xehetasunak
Zamartzen opatutako hilarri baten beheko partea, erdi aroko hilarri bat estaltzeko erabili zena. Moldura sinple bat du. II. edo III. mendekoa izan daiteke. Pliniok Uharten kokatutako Aracelitanetarren aurreneko lekukotza idatzia da oraingoz.
Etxarriko Konzezio ermita zaharberritzean opatu zen hilarria. Gutxi arbastatua, horregatik idazteko eremua irregularra da. Idazterakoan trebetasun gutxi izan zuten eta testua ez dago zaindua eta begi kolpean irakurtzea zaila da. Calaetus aipatzen du, zeltiarren Kalaitos izenaren eraldaketa erromatarra. Olaztikoarekin batera, ikertzaileei pentsarazi die erromatar garaiko Sakanako onomastika nagusiki zeltiarra zela. Aurreneko bi mendetan datatua.
Olatzagutian opatutako ara-ren puska. Ikerlarien ustez kontserbatu den zabaleraren bikoitza izan zezakeen. Ez zuen moldurazko oinarririk izan. Gizaldiko aurreneko mendeetakoa izan daitekeela diote.