Landa-berrikuntza eta elikadura hizpide

Guaixe 2014ko otsailaren 20a

Aurretik ere bisitak hartu dituzte Embutidos Arbizun.
Europako eskualde arteko programako kideek gaur Embutidos Arbizu eta Katealde bisitatuko dituzte.

Atzo hasi eta bihar arte Itera-AA proiektuak biltzen dituen Frantzia, Portugal, Espainia eta Euskal Herriko bazkideak Lekunberrin bilduak egonen dira. Europako eskualdeen arteko elkarlan programa da eta bere helburua da nekazaritzako ekoizleen balio erantsia zaintzea eta merkaturatuko diren produktu bereizleak lantzea.  Horrekin batera, euren eskualdeetako enpresen premiak abiapuntu hartuta prestakuntza eta laguntza eskaini nahi dute, dituzten premiei erantzun eta horietarako aukera erraztasuna izateko. Horretarako, nekazaritzako ekoizleen artean hainbat arlotan berrikuntza sustatzen dute.

Bilkuran Correzeko Kontseilu Nagusia (Frantzia), Figeaceko Sindikatu mistoa (Frantzia), Adraveko garapen-agentzia (Portugal), Granadako Diputazioa (Espainia), Sergal (Araba) eta Cederna-Garalur (Nafarroako mendialdea) erakundeetako ordezkariak dira. Iterreg IVB Sudoe programaren baitako proiektu horretarako 736.276 euro daude bideratuta.

Jardunaldiak
Atzo barne lana egin zuten goizean eta arratsaldean lurralde-markari buruzko jardunaldi irekia izan zen Lekunberri. Labelak eta tokiko produktuen kontsumoa sustatzeko ekimenak izan ziren hizpide. Charles Perraud kontsultoreak esan zuen tokiko sor-marka baten sorrerak berezko produktuen ekoizpen modu bat babestera bideratu behar da, haren kalitatea eta sortze prozesua bermatzeko. Horregatik, sor-markaren ezaugarriak ongi azaltzea ezinbesteko jo zuen. 45.000 biztanleko eskualde batean Pascal Germainek elikaduraren bidez lurralde nortasuna sortzeko garatu duten tokiko-kontsumo esperientziaren berri eman zuen. Eusko Label esperientziaren berri eman zuen, azkenik, Alvaro Montejok.

Gaur hainbat elikagai enpresa bisitatuko dituzte, tartean aipatutako Sakanako biak. Bihar, azkenik, teknikariek aurrera begirako barne-lana eginen dute.