Parte-hartzea ereiten

Guaixe 2014ko otsailaren 21a

Biharko antzerki emanaldiarekin despedituko da parte hartzea sustatzeko astea

Denbora izan eta zer egin jakin ez. Denbora pasa hala egon. Askotan horrela egoten gara. Hori guztia aldatu nahi duenak Altsasuko Iortia kultur guneko erakusketa gelatik pasatzea du. Han makina bat boluntario taldek euren jardunaren berri ematen ari dira eta, ziurrenik, laguntzeko prest dagoen jendea esku zabalik hartuko dutela.

Boluntariotzari buruzko erakusketa Burunda mendebaldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak sustatu du. Herrietako hainbat taldek bezala haiek ere boluntarioak behar dituztelako jende batzuen beharrak asetzeko, esaterako adinduei konpainia egitea edota adin txikikoei ikasketetan laguntzeko.

Jardunaldiak hitzaldi batekin zabaldu ziren astelehenean. Karmele Erdozainek (CAN fundazioko boluntariotzaren sustapenerako programakoa), Patricia Eiroak (adin txikikoei laguntza klaseak ematen ditu), Eduardo Gonzalok (Uharteko boluntario taldeko koordinatzailea) eta Patxi Goikoetxeak (Josefina Arregi klinikako lagunen elkartekoa) euren esperientzien berri eman zuten 20 bat  pertsonen aurrean.

Astean zehar, bestalde, Nafarroako Jakien Bankua, Sakanako Behar Berezietako elkartea, Ekuadortarren elkartea, Hitzondo, Josefina Arregi klinikaren elkartearen lagunak, DYA (erakustaldia egin zuten), Olaztiko boluntarioak eta Gizarte Zerbitzuak izan dira. Gaur, azkenik, Mintzakide programa eta Bocalan Biak bat fundazioko kideak izanen dira. Azken horiek erakustaldia eginen dute.