Binakako hasierako ligaxkako 10. jardunaldia ez da batere ona izan pilotari sakandarrendako. Xalak eta Aitor Zubietak 6. puntua lortu eta Titini eta Merinori puntu bateko aldea ateratzeko urrezko aukera zuten, baina errioxarrek euren asmoak zapuztu zituzten, 22-17 irabazi baitzieten Xalari eta Zubietari. Hala ere, 5 puntu dituzte lapurtarrak eta etxarriarrak eta finalerdieta sailkatzeko aukera badute. Bestalde, Ezkurdiak eta Zabaletak ez zuten lehen itzuliko balentria errepikatu eta Aimar Olaizolak eta Aretxabaletak 22-13 hartu zituzten menpean sakandarrak. 3 punturekin, finalerdietara pasatzeko aukerak izugarri zaildu zaizkie, ia miraria litzateke. Baina, momentuz, ezer ez da ezinezkoa.
Partida luze eta gogorra errioxarrendako
Xala eta Zubieta eta Titin III.a eta Merino II.aren arteko partida luzea eta gogorra izan zen. Errioxarrek sekulako altxorra lortu zuten, Xala eta Zubietari tanto bat ateratzea eta finalerdietarako sailkatzeko bidean aurrera pausu polita ematea. Pilotazalez beteta zegoen Labriteko partidan Merino nabarmendu zen, defentsa ikaragarria egin baitzuen. Titinek ere aurrean ongi lagundu zion. Zubietari, aldiz, hasieran partidan sartzea kosta egin zitzaion, eta Xala aurrean deseroso ibili zen. Horrela, 13-9 aurreratu ziren errioxarrak. Baina Zubieta berotzen hasi zenean, gauzak aldatu ziren. Zubieta eta Xala hobeak ziren piloteoan, baina tantoa despeditzea gehiago kostatzen zitzaien. Hala ere, 15era berdintzea lortu zuten. Merinok Zubietari eutsi egin zion eta Titinek errematean asmatu zuen azken txanpan. Aldiz, lapurtarrak eta etxarriarrak uste baino akats gehiago egin zituzten. Azkenean, 22-17 gailendu ziren errioxarrak.
Olaizolak sakandarrak apurtu zituen
Ostiralean Urdulizen jokatutako partidan, Aimar Olaizolak eta Aretxabaletak errebantxa hartu zieten Ezkurdia eta Zabaletari. Hasierako itzulian sakandarrak gailendu zitzaien Olaizolari eta Aretxabaleta ordezkatzen zuen Beginori, baina ostiralean Aimarrek hasieratik hartu zuen agintea, sakandarren gainetik pasaz. Aurreko koadroetan Olaizola Ezkurdia baino askoz gehiago izan zen eta berehala 6-1 aurreratu ziren Asegarcekoak. Ezkurdia eta Zabaleta Aretxabaleta kargatzen saiatu ziren eta zazpira berdintzea lortu zuten sakandarrek. Baina Ezkurdiaren akats baten ondoren atzera ere agintea hartu zuen Aimarrek. Aimarrek 8 tanto egin zituen segidan, 16-7ra pasaz. Nahiz eta sakandarrek emaitza zehozer hobetu, azkenean 22-13 gailendu ziren Olaizola eta Aretxabaleta.
Derbya
Hasierako ligaxka bukatzeko 5 jardunaldien faltan, Olaizola-Aretxabaleta eta Irujo-Barriola finalerdietarako sailkatuta daude. Beste bi biko geratzen dira sailkatzeko, eta gauzak oso estu daude. Astelehenean, inauterietan murgilduta dagoen Tolosan jokatuko da sakandarren arteko derbya. Ezkurdiak eta Zabaletak Xala eta Zubieta izango dituzte arerio. Galtzetik datoz bi bikoak eta jokoan dagoen puntua berebizikoa da biondako. Hortaz, lehia oso estua espero da. Aukera ñimiñoena izaten jarraitzeko irabazi beharrean daude Ezkurdia eta Zabaleta, eta finalerdietarako euren hautagaitza sendotzeko puntu hori oso inportantea da Xala eta Zubietarendako. Bihotza erdibituta, onenak irabazi dezala.
Sailkapena:
8 puntu: Olaizola-Aretxabaleta eta Irujo-Barriola
5 puntu: Titin-Merino II.a eta Xala-Zubieta
4 puntu: Urrutikoetxea-Beroiz eta Bengoetxea-Zabala
3 puntu: Berasaluze-Albisu eta Ezkurdia-Zabaleta
11. jardunaldia
Olaizola-Aretxabaleta / Irujo-Barriola (larunbatean Iruñean)
Titin III.a-Merino II.a / Bersaluze-Albisu (igandean Logroñon)
Xala-Zubieta / Ezkurdia-Zabaleta (astelehenean, Tolosan)
Bengoetxea-Zabala / Urrutikoetxea-Beroiz (asteartean, Tolosan)