Larunbatean makina bat pertsona ahoa eskuarekin tapatuta zutela agertu ziren Iruñeko Gaztelu enparantzan. Haien artean zeuden Garbiñe Petriati (Kontseilua), Eneka Maiz (Uema) eta Aitor Karasastorre (Mank). Euskalgintzako kideek agerraldi horrekin salatu nahi zuten Nafarroan euskaraz bizi nahi dugunok “Nafarroako Gobernuaren aldetik gero eta oztopo gehiago” dugula. Prentsa agerraldian izan ziren euskalgintzako kideek ziurtatu zutenez, “euskaraz ari garenok arrotz gisa tratatzen gaitu gobernuak, eta desagerrarazi nahi gaitu, gure lurretik bota”.
Nafarroako Gobernuak euskarari dioen “amorrua, behin eta berriz, hartzen dituen erabakietan, egiten dituen adierazpenetan argi ikusten” dela esan zuten euskaltzale nafarrek. Foru administrazioari leporatu zioten Euskararen Lege “eskasak ezartzen duena bera ere ez du betetzen hainbat arlotan, eta lege horren hainbat atal murriztu egin ditu, egin daitekeen garapenik kaltegarriena eginda”.
Horregatik, esan zuten “Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politika itxuragabe salatu, euskaldunok hemen gaudela erakutsi eta eraso zerrenda amaigabeari bukaera emateko eskatzen diogu gobernuari”. Horrekin batera, euskararen aldeko benetako hizkuntza politika eraginkorra aldarrikatu dute. “hizkuntza politika zuzen batek ekarriko baitu hizkuntza normalizazioa”.
Manifestazioan antolatu dutenek dei egin diote euskal komunitate osoari “dinamika sozial indartsua abian jartzera, euskaraz bizitzeko behar diren pausoak emanez”. Ziurtatu dutenez, aldaketa horretan pertsonak izanen dira aldaketaren gakoa: “euskara erabiliz bizitzaren arlo guztietan, espazioak euskaldunduz, euskara ikasiz, euskaldun bezala harro agertuz”.
Bidegabekeria zerrenda luzea
Euskarazko irakaskuntza zabaltzearen kontra Euskararen Legeak ezartzen duen zonifikazioa erabiltzea, D eredua kakazteko ahaleginak (Guardia Zibilaren sasitxostena), elkarbizitzaren aitzakian D ereduko ikastetxeen funtzionamendua erdaldundu nahia, Nafarroan ETB sare digitalean ikusteko debekua eta isunak (haurrak euskarazko marrazki bizidunik gabe erdaraz biziarazteko), Euskalerria irratiari lizentziarik ez emateko trikimailu lotsagarriak, herrietako euskarazko komunikabideak diru-laguntzarik gabe uztea, udalerrietako euskara zerbitzuak bezala, euskal eremuko udalerrietan hainbat euskaraz jasotzea galaraztea (liburutegietan, osasun-etxeetan euskaraz ez dakiten langileak jarrita), herriak sortutako euskaltegiak itotzea diru-laguntzarik gabe uztea…