Nafarroako Mendi Federazioak adierazi duenez, ezin du gehiago bere gain hartu Nafarroako Ibilbideen Sareko mantenua. Nafarroako Gobernua da ibilbide horien sustatzailea. Gobernuak diru-laguntza ematen zion mendi federazioari aipatu ibilbideen mantenu lana egin zezan, eta federazioko 180 boluntariok egiten zituzten mantenu lanak: mendi ibilbideetan seinalizazioa jarri, mendizaleak ez galtzeko ibilbidea markatu eta beste mantenu lanak.
Baina azkenaldian federazioak ez du Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik jaso. Nafarroan 4 Ibildide Luze (GR delakoak) daude, 800 km osatzen dituztenak, eta Nafarroako Mendi Federazioaren esanetan “euren egoera delikatua da”. “Bi urte daramatzagu mantenu lanengatik diru-laguntza kobratu gabe. Gu gara ibilbideen mantenuaz arduratzen garenak, baina tarte honetan ere sortutako gastuak gure gain hartu ditugu. Baina gastu hori ezin dugu gure gain gehiago hartu. Kirol zuzendariak esan zigun gaiari irtenbidea emango ziotela 3 egunetan eta hilabete t´erdia pasatu da ordutik. Ez dagoela dirurik esaten du. Soilik interesatzen zaienerako dago dirua” adierazi dute federaziotik.
Homologazioa kendu?
Oraindik ez dakite zer egingo duten. “2006an ibilbideei homologazioa kendu genien, eta akaso berdin jokatu beharko dugu, ibilbideen kartelen gainean homologatu gabe daudela jarri. Ikusiko dugu” adierazi dute federaziotik, triste.
Izan ere, mendizaleendako ezinbestekoa da ibilbideak markatuta eta egoera onean egotea, mendizaleak ez galtzeko. Bestalde, ibilbideek ere turismoa erakartzen dute. “Asteburuko Navarturren Nafarroako Ibilbide Luzeen sarea iragartzen ari ziren. Nafarroako Gobernuak gure izena erabiltzen du euren eskuorrietan, baina gero ez dute mantenu kostua estali nahi” salatu dute federaziotik.