Tolosako inauterietan, astelehenean, jokatuko dute Binakako hasiera ligaxkako 11. Jardunaldiko partida pilotari sakandarrek, eta gaur eginen dute pilota aukeraketa Beotibarren, 11:30etik aurrera.
Ezkurdiak eta Zabaletak Xala eta Zubieta izango dituzte arerio eta sakandarren arteko derbya hil ala bizikoa izango da. Galtzetik datoz bi bikoak eta jokoan dagoen puntua berebizikoa da biendako. Aukera nimiñoena izaten jarraitzeko irabazi beharrean daude Ezkurdia eta Zabaleta, eta finalerdietarako euren hautagaitza sendotzeko puntu hori oso inportantea da Xala eta Zubietarendako. Hortaz, lehia oso estua espero da. Bihotza erdibituta, onenak irabazi dezala.