Altsasuk galdu eta Lagun Artea B-k eta Etxarrik irabazi

Guaixe 2014ko martxoaren 3a

Erregional maila. 4. multzoa. 22. jardunaldia: Doneztebe 1 – Lagun Artea B 2 /Altsasu 0 – Berriozar 1 / Amaya 1 – Etxarri Aranatz 2.

Doneztebek eta Lagun Artea B-k jokatutako partidan bi taldeak ongi aritu ziren eta erakustaldi bikaina egin zuten. Doneztebek aukerak izan zituen, baina Lagun Artea B-k hobeto aprobetxatu zituen bereak. Lagun Artea B izan zen aurreratu zena, eta nahiz eta 2. zatian Doneztebek berdindu, partida bukaeran Iñakik sartu zuen Lagun Artea B-ren garaipen gola.

Euripean jokatu behar izan zuten, Dantzalekun, Altsasuk eta Berriozarrek. Altsasuk gogor borrokatu zuen, baina ez zen kontrako atera behar bezala iritsi. Gainera, arbitroaren zenbait erabakiekin ez zeuden oso ados altsasuarrak. Arbitroak euren kontrako 2 penalty oso argi ez zituela seinaleztatu salatu zuten altsasuarrek. Bigarren zatian, 67. minutuan Caballerok Berriozar aurreratu zuen, corner baten ondoren. Altsasu saiatu zen, baina markagailuan ez zen aldaketarik egon eta horrela despeditu zen lehia.

Bukatzeko, Amayaren kontra garaipen polita lortu zuen Etxarrik. Oso partida lehiatua izan zen. Euriaren eraginez zelaia ez zegoen batere ongi eta aurreikusi moduan baloi geldirako jokaldiek baldintzatu zuten lehia. Eta hor etxarriarrak ibili ziren finago. Nahiz eta Amaya aurreratu, Asierrek berdintzea lortu zuen 25. minutuan, eta berdinketarekin joan ziren atsedenaldira. 2. zatian, eta partida lehiatuan, Bakaikoak Etxarriren bigarren gola sartu zuen. Horrela, garaipen polita eta 3 puntu oso baliotsu ekarri zituen Etxarrik Iruñetik.

Datorrena
Sailkapen orokorrean Lekunberriko Beti Kozkorrek eusten dio lidergoari (49 puntu), San Jorge bigarrenari 8 puntu aterata. Lagun Artea B 4.a da (38 puntu), Altsasu 8.a (29 puntu) eta Etxarri 15.a (19 puntu). Asteburuan Lagun Artea B-k Amaya izango du arerio, Lagunak B taldearen kontra ariko da Altsasu eta Etxarri Aranatzek San Jorge hartuko du San Donato Zelaian.