Txanponaren bi aldeak

Guaixe 2014ko martxoaren 4a

Laukotea, Tolosako material aukeraketan.
Xalak eta Zubietak 6. puntua lortu duten bitartean, Ezkurdia eta Zabaleta zuloan daude

Atzo sakandarren arteko derbyak bi egoera oso ezberdin utzi zituen. Yves Xalak eta Aitor Zubietak 22-5 hartu zituzten menpean Joseba Ezkurdia eta Jose Jabier Zabaleta. Xalak eta Zubietak 6. puntua lortu eta finalerdietara sailkatzeko pausu handia eman zuten bitartean, Ezkurdia eta Zabaleta zuloan daude, 3 puntu eskasekin, binakakoan aurrera egiteko ia aukerarik gabe. Ezusteko erraldoia izan ezean bi sakandarrek ez daukate finalerdietara sailkatzeko aukerarik. Aldiz, litekeena da Xalak eta Zubietak beste partida bat irabaztearekin nahikoa izatea finalerdietara sailkatzeko. Txanponaren bi aldetan daude gure pilotariak.

Atzo Tolosan jokatutako pilota partida partida modu orekatuan hasi zuten bi bikoek eta partida oso gogorra eta lehiatua izan zen. Lau pilotariek lan asko egin zuten baina Xala izan zen onena eta berak erabaki zuen partida. Lekuindarrak 15 tanto egin zituen, horietatik 12 jokoan, eta airea eman zion kantxan deseroso aritu zen Aitor Zubietari.

Nolanahi ere, hasieran Zabaleta nagusitu zen piloteoan eta 5-9 aurreratu ziren Ezkurdia eta Zabaleta. Xala bete-betean sartu zen partidan eta tartea ireki zuen, 12-9 aurreratuz. Zabaletak sekulako pilotakadak jo zituen eta Zubieta sufriarazi zuen, baina Xala bikain aritu zen aurrean eta berak erabaki zuen. Ezkurdiak ere tanto politak egin zituen, 16-14 gerturatu ziren markagailuan, baina atzokoa Xalaren eguna izan zen. Xalak eta Zubieta tartea zabaltzen joan ziren, eta azkenean 22-15 gailendu ziren. “Ezkerrarekin konfiantza gabe aritu naiz eta ez dut gozatu, baina Xalak oso ongi jokatu du” adierazi zuen partida bukaeran Aitor Zubietak.

Hurrena
Hurrengo jardunaldiari dagokionez, ostiralean  Xala-Zubietak Bengoetxea-Zabala izanen dituzte arerio Angelun. Irabaziz gero finalerdietara sailkatzeko pausu erraldoia emango lukete Xalak eta Zubietak. Ea lortzen duten. Ezkurdia-Zabaletak larunbatean jokatuko dute Labriten, Berasaluze-Albisuren kontra. Nahiz eta aukeraren bat izateko benetako miraria behar, sakandarrek irabaziz gero, Berasaluze eta Albisuren puntu berberak eskuratuko lituzkete. Hortaz, asko dago jokoan oraindik.

Sailkapena
9 puntu: Irujo-Barriola
8 puntu: Olaizola II.a-Aretxabaleta
6 puntu: Xala-Zubieta
5 puntu: Titin III.a-Merino II.a
4 puntu: Berasaluze II.a-Albisu, Bengoetxea VI.a-Zabala eta Urrutikoetxea-Beroiz
3 puntu: Ezkurdia-Zabaleta

12. jardunaldia
Xala-Zubieta / Bengoetxea VI.a-Zabala (ostiralean, 21:00etan, Angelun. ETB1)
Olaizola II.a-Aretxabaleta / Urrutikoetxea-eroiz (larunbatean, 17:15ean, Bilbon).
Berasaluze II.a-Albisu / Ezkurdia-Zabaleta (larunbatean, 17:15ean, Labriten)
Titin III.a-Merino II.a / Irujo-Barriola (igandean, 17:00etan, Logroñon. ETB1)