Herri ekimeneko euskarazko hedabideak biltzen dituen elkarteak, Hekimenek, Udalbiltzarekin akordioa sinatu du. Pasa den asteartean adostutakoaren arabera, Udalbiltzaren Garapen eta Kohesio Fondoko Euskal Herria sendotzen programaren bidez elkarteak 15.000 euro jasoko ditu. Diru hori Euskal Hedabideen Behategia martxan jartzera bideratuko du Hekimenek. Aldi berean, Udalbiltzarekin konpromisoa hartu du haren Adituen Sarean parte hartzeko.
Iban Arantzabalek Hekimeneko lehendakariak adierazi zuenez, “Behategiaren proiektua elkartearen proiektu estrategikoa da, gaur egungo errealitatea zein den ezagutzeko ez ezik, hurrengo urteetan euskal hedabideek egin behar dituzten urratsak irudikatzen lagunduko digun tresna”. Aurten jarri nahi du Hekimenek Behategia martxan eta horretarako EHUko eta Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultateko irakasleen laguntzarekin. “Elkartearen beraren barne egituraketarako baino gehiago, euskal hedabideendako oinarrizko lanabesa izanen dela iruditzen zaigu”.
Mertxe Aizpurua Udalbiltzako lehendakariak bestalde, nabarmendu zuen herri baten zutabeetako bat komunikazioa dela eta ezinbestekotzat jo zuen “ Euskal Herria aintzat hartzen duten hedabideen arteko lankidetza, herria kohesionatzen joateko”.
Euskal Hedabideen Behategia
Sakanako euskarazko hedabideak (Guaixe astekaria eta Beleixe irratia) Hekimeneko kide dira Tokikom, euskarazko tokiko hedabideen elkartearen bidez. Hekimenen hasierako egitasmo garrantzitsuenetako bat da behatokia. Haren helburua da sektoreak eta administrazio publikoek euskararen normalkuntzarako adostu ditzaketen zenbait urrats bideratzea eta jarraipena egitea da, esaterako: irismenaren neurketa zehatzak egitea; hartutako neurrien betetze maila neurtzea; sektorearen egoera islatzen duten adierazleak definitu eta horien jarraipena egitea; beste hizkuntza gutxitu batzuen esperientzietatik ikastea eta bestelako estrategikotasun eta funtzio sozialaren inguruan ados daitezkeen zenbait akordioren jarraipena egitea.