Inauteriko ostegun gizenarekin batera 18. Bilbo Hiria Etxeko Txorizoen Lehiaketako sariak banatu zituen Bilbon Txarriduna, Txerriaren Akademiak. Lehen saria Lakuntzako Jose Mari Agirre harakinak jaso zuen. Agirre aurretik ere lehiaketan finalista izan da 2007an eta 2009an eta 2012an. Gainera, Agirre 2003an Sakanako XII. Txistorra Lehiaketako txapelduna izan zen.
Epaimahaik ere bost finalista izendatu zituen eta horien artean bi harategi sakandar zeuden: Irurtzungo Urrutia (2006an irabazlea eta 2007an, 2009an, 2010ean eta 2012an finalista) eta Urdiaingo Lopez de Goikoetxea.
Gordinik jateko 93 txorizo aurkeztu ziren lehiaketara: Bizkaiko 34, Gipuzkoako 21, Arabako 11, Kantabriako 7, Errioxako 5, Nafarroako 4 eta Extremadurako 1. Epaimahaiak guztien kalitatea goraipatu zuen. Lehiaketara aurkeztutako txorizo guztiak, 400 bat kilo, 6.000 pintxotan bihurtu ziren eta Bilboko La Granja kafearen parean dohainik banatu zituzten ostegunean.