Asteburuan Espainiako Atletismo Txapelketetan Jaurtiketa Luzeen Neguko Txapelketa jokatu da Leongo CEAR (Centro Especial Alto Rendimiento Deportivo) egoitzan. Emakumezkoen disko jaurtiketan parte hartu zuen June Kintanak. 18 urteko bakaikuarraren helburua dominaren bat lortzea zen eta lortu du: zilarrezko domina kolkoratu du Junek.
Emakumezkoen disko txapelketan orain arteko Espainiako txapeldun eta proba irabazteko hautagai nagusi Sabina Asenjok lortu zuen urrea, 55,45 metroko jaurtiketarekin. Bere atzetik sailkatu zen June, 47,82 metroko jaurtiketarekin. Maria Belen Toimil izan zen hirugarrena (47,73 m). Junek ez zuen bere marka hobetzea lortu (49,68m), baina lan ona egin zuen.
“Kontentu nago ez bainuen Toimil gainditzea espero”
June Kintanak adierazi digunez, “ez nuen bigarrena sailkatzea espero. Hirugarrena edo laugarrena bai, baina uste nuen ez nuela Belen Toimil gaindituko. Bera hobeto ariko zela espero nuen”. Zilarrezkoa kolkoratzearekin pozik dago bakaikuarra, baina marka hobeagoa egitea espero zuen. “47,82 metrora bota nuen diskoa. Hobe egin ahal nuke, 49,68 metroko marka dudalako, baina urduritasunagatik edo ez dakit zergatik ez nintzen markara hurbildu. Horrek amorrua ematen dit, baina dena den, kontentu nago egindakoarengatik” againeratu du Kintanak. Espainiako hurrengo txapelketa uda aldera jokatuko da.
Etorkizuna
June Kintana juniorretako bigarren urteko kategorian dago eta maila absolutuan ere lehiatzen da. Estatuko disko jaurtitzaile onenetakoa da eta etorkizun oparoa du. Izan ere, horren gaztea izanik, hobetzeko tarte handia du eta helburu horrekin Leonera joan da bizitzera. Bertan, bere albaitaritza ikasketak kirolarekin uztartzen ditu, Leongo CEAR-en egunero 4 orduko disko jaurtiketa entrenamendua egiten baitu.