Orain ikasi gero trebatzeko

Guaixe 2014ko martxoaren 6a

Trebakuntzarik ez duten 50 langabetu gutxieneko ezagutzak jasotzen ari dira gero bestelako ikasketak egin ahal izateko.

Bete egin dira Hezkuntza Departamentuak prestakuntza gutxi duten eta oinarrizko titulaziorik ez duten langabetuei zuzendutako ikastaroak. Gaztelania eta matematika ikastaroetarako 25a plaza eskaini zituen eta 33 eta 33 sakandarrek eman zuten izena. Otsaila eta garagarrila bitartean, Altsasun, bi gaitasun horietan trebatu eta akaberako azterketa gainditzen dutenek 2. mailako profesionaltasun ziurtagiria jasoko dute. Harekin Nafarroako Enplegu Zerbitzuak antolatutako ikastaroetan izena emateko aukera izanen dute. Horiek lan munduan sartu ahal izateko aukera emanen diete langabeei.

Iraila eta otsaila bitartean beste bi ikastaro eskaini ziren. Gaztelania ikasten 14 pertsona aritu ziren. Haietatik 13k gainditu zuten azterketa eta batek ez. Matematika ikastaroan, berriz, 15 ikasleetatik dozena batek egin zuen aurrera azterketan eta 3k ez zuten gainditu.

Trebakuntza ibilbidea
Asko eta asko dira langileak lanerako prestakuntza ikastaroen edota lan esperientziaren bidez lanbide jakin baterako ezagutza jaso dutenak. Langile horiek duten ezagutza maila jakin bat kreditatu ahal izateko lan-agintaritzak Profesionaltasun Ziurtagiriak sortu ditu. Ogibidearen arabera hiru maila daude eta maila bakoitza eskuratzeko gutxieneko betekizunak zehaztu dira.  

Profesionaltasun Ziurtagiriak lortzeko bi bide daude. Esperientzia kreditatzea da bata. Deialdiak egiten dira eta jarritako baldintzak betetzen dituztenek esperientzia ziurtatzen duten dokumentazioa aurkeztu behar dute. Horren arabera, zertifikatua lortzeko zein eduki dakizkien zehazten da eta falta zaiena lortzeko ikastaroa prestatzen zaie.

Ziurtagiria lortzeko beste bidea prestakuntza da. Edozeinek, sarrerako gutxieneko baldintza batzuk betez gero, profesionaltasun ziurtagiria lortu dezake. Horretarako, ziurtagiria osatzen duten konpetentzia unitateak betez joan behar dute. Unitate horiek lortzeko prestakuntza ikastaroak egin beharko dira. Pertsonaren mailaren arabera hiru mailetako batean hasiko da. 1. mailan ez dago sarrera baldintzarik. 2. mailan DBH, LH I, LHko gradu ertaina eta bestelakoak onartzen dira. Azkenik, 3. mailarako batxilergo, LH II, LHko goi gradua eta beste onartzen dira.

Gutxieneko betebeharrak ez dituztenek funtsezko konpetentzia batzuk badakizkitela erakutsi beharko dute. Hau da, gaztelania eta matematika ikastaroak egin beharko dituzte. Horiek gainditu ondoren 2. mailako konpetentziak dituzte hala Profesionaltasun Ziurtagiriak eskuratzeko ikastaroetan izena emateko aukera dute. Gaur egun ziurtagiri horiek lortzeko izen emate epea zabalik dago. Altsasun industria ekipoaren mantentze eta muntai mekanikoa ikastaroa eskaintzen da. Enplegu bulegoan dute eskaintza guztiaren berri edo www.empleo.navarra.es orrian.


Aitzindariak
2012 urteko erdialdean Helduen Irakaskuntza Iraunkorreko irakasleek eta Altsasuko enplegu bulegoko langileek bat egin zuten. Langabetuek funtsezko konpetentzietarako probak prestatzeko Helduen Irakaskuntza Iraunkorreko azpiegiturak eta baliabideak erabiltzen hasi ziren. Prestakuntza oso txikia zuten langabeak helduendako eskoletara bidali zituzten funtsezko konpetentzien probak gainditzen trebatzeko. 2012ko abenduan enplegu bulegoan egindako probak emaitza oso onak eman zituen. Horretan aitzindariak izan ziren Nafarroan eta, ondorioz, Hezkuntza Departamentuak Nafarroako Enplegu Zerbitzuarekin batera egun ematen diren ikastaroetarako protokoloa egin zuen.

Sakanan dagoen gabezietako bat da prestakuntza emateko kreditutako zentro gutxi daudela eta, horregatik, jende gehienak kanpora, Iruñera batez ere joan behar izaten du.