Euskararen aldeko 22ko manifestazioa atxikitzeko deia

Guaixe 2014ko martxoaren 6a

Bi egun lehenagora arte eman daiteke atxikimendua euskaldunok.m22@gmail.com helbidean.

Nafarroako euskalgintzako hainbat arlotako kideek manifestazio deitu dute martxoaren 22rako, larunbata. Nafarroako Gobernuaren aldetik euskarak jasotzen dituen oztopo ugariak salatu eta hizkuntza politika zuzen baten aldeko deia zabaldu nahi dute. Horrekin batera, Nafarroako euskal komunitate osoari deia egin diote deitzaileek  “dinamika sozial indartsua abian jartzera, euskaraz bizitzeko behar diren pausoak emanez”. Aldaketarako eman beharreko gakoa pertsonengan jarri dute: “euskara erabiliz bizitzaren arlo guztietan, espazioak euskaldunduz, euskara ikasiz, euskaldun bezala harro agertuz”.

Gurea, Lingua navarrorum-a!! Euskaraz bizi nahi dugu!!! leloa du manifestazioak eta 17:30ean Iruñeko Antoniutti parketik abiatuko da. Hilaren 20ra arte atxikimendua emateko aukera dago. Dagoeneko hainbat dira hala egin duten sakandarrak: Garbiñe Petriati Ijurra (Hizkuntz Eskubideen Behatokia), Peio Mariñelarena (Nafarroako Ikastolen Elkartea), Eneka Maiz (UEMA), Aitor Karasatorre (Sakanako Mankomunitateko lehendakaria), Felix Altzelai Iriarte (euskaltzalea), Maitane Intxaurraga Uribarri (Nafarroako Sortuko eleduna), Juan Kruz Aldasoro Jauregi (Sortuko kidea) eta Juankar Lopez Mugartza (NafarroakoUnibertsitate Publikoko irakaslea).