Altsasuk eta Etxarrik galdu eta Lagun Artea B-k berdindu

Guaixe 2014ko martxoaren 10a

Erregional maila. 23. Jardunaldia: Lagun Artea B 1 – Amaya 1 / Lagunak B 2 – Altsasu 1 / Etxarri Aranatz 1 – San Jorge 3

Azken jardunaldia erdipurdikoa izan zen gure taldeendako. Batetik, Lagun Artea B-k eta Amayak bana berdindu zuten. Goiko postuetan dauden bi taldeen arteko lehia polita izan zen, oso lehiatua. Hasieran sendoago aritu zen Amaya eta 10. minutuan aurreratu egin zen. Gutxinaka Lagun Arteak bere jokoa egiteko aukera izan zuen eta bigarren zatian Imanolek berdintzea lortu zuen. Bi taldeek aukera gehiago izan zituzten baina markagailua ez zen mugitu.

Barañainen jokatutako lehian, Lagunak B taldea irabaztera atera zen eta Altsasuk nahikoa izan zuen defendatzearekin. 12. minutuan Jeivyk Lagunaken lehen gola sartu zuen. Gol aukera gehiago izan zituen Lagunak-ek, baina ez zituen asmatu. Bigarren zatian paretsuago ibili ziren bi taldeak, eta Lagunaken bigarren gola heldu zen. Altsasu saiatu zen, eta partida bukatzeko 2 minuturen faltan Xabik gola egin zuen. Nahiz eta berdinketa lortzeko dena eman, punturik gabe etorri ziren etxera altsasuarrak.

Bukatzeko, San Donato futbol zelaian Etxarri Aranatzi 1-3 irabazi zion San Jorgek. Lehen zatian Etxarrik dominatu zuen, nagusitasun handiz. Pablok, penaltyz, Etxarriren lehen gola sartu zuen, eta San Jorgek, penaltyz ere, berdintzea lortu zuen. Bigarren zatian San Jorgek zortea alde izan zuen eta Etxarriren atera iritsitako bi jokaldietan gola sartzea lortu zuen eta horrela despeditu zen lehia.

Sailkapenean Lekunberriko Beti Kozkorrek jarraitzen du lider (50 puntu). Lagun Artea B 4.a da, 39 punturekin, Altsasu 12.a, 29 punturekin, eta Etxarri 15.a, 19 punturekin. Hurrengo asteburuan Baztanen kontra ariko da Lagun Artea B, Altsasuk Ardoi hartuko du Dantzalekun eta Iruñean jokatuko du Etxarir Aranatzek, OPUSeko unibertsitatearen kontra.