Argi dago inauteri batzordekoak ez direla ohartzen. Inauterietan gero eta gauza gehiago sartzeak ez du gure inauteria gehiago aberastuko!!!! Guztiz kontrakoa. Iruditzen zait lehen zeukan xarma galtzen ari dela, nahaste-borraste bat bihurtuz.
Honekin lotuta gehien kezkatzen nauena eta aldi berean erabat lotsarazten nauena zera da, momotxorroen dantzarekin azken urte hauetan gertatzen ari dena.
Zergatik momotxorroz mozorrotuta doazen %95ek ez dakite momotxorroen dantza? Inauteri batzordeko utzikeria ote?? Ikastea zaila izango balitz bezala…
Nire ustez, eta hau iritzi pertsonala da, momotxorroz mozorrotzeko bete beharreko baldintza bat, dantza jakitea izan beharko luke.
Norbaitek uste du Euskal Herrian hain ospetsuak diren hainbat inauterietan gauza bera gertatzen dela? Lantzeko inauteria, Zubieta eta Iturengoa edo Zuberoako maskaradaren kasu? Inauteri haietan badakite mozorrotuta ateratzeko zein diren bete beharreko baldintzak, gure herrian betetzen ez direnak. Hemen beste tokietan gertatzen ez dena gertatzen da, eta iruditzen zait denok honen gainean hausnarketa egin beharko genukeela.
Suposatzen dut batzordekoak gure inauteria Altsasutik kanpo zabaltzera doazenean gauza hauek guztiak zaintzen dituztela, eta ez dut ulertzen zergatik herrian bertan, garrantzitsuago izanik, ez duten egiten.
Horregatik ezin naiz gure inauteriaz harro sentitu.