Futsal Sakana txapelketako titulua erabakitzeko play off-etako final laurdenak jokatu dira dagoeneko. Ligako txapeldunak, Racing San Migelek, zuzenean final erdietara sailkatzea lortu zuen, eta aurreko astean Bunkerrek 4-9 irabazi zion Auzomotojorik taldeari, final erdietako beste txartela lortuz. Asteburu honetan play off-etako beste bi partidak jokatu dira eta Arbizuk eta Bil Tokik lortu dute sailkatzea, euren partidak irabazi eta gero.
Arbizu eta Iturmendiren arteko partidan bi taldeak parez pare aritu ziren. Nahiz eta Arbizuko Julenek eta Josuk gola sartu, Iturmendiko Urkok 2-1 gerturatzea lortu zuen. Bigarren zatian Iturmendik gol aukera argiak izan zituen, baina Xabier Maizak geldialdi bikainak egin zituen. Kontraeraso batean Julenek 3-1 aurreratu zuen Arbizu, eta nahiz eta Iturmendik dena eman, atzera ere Julenek gola sartu zuen eta 4-1 irabazi zuen Arbizuk.
Beste final laurdenean, Bil Tokik 7-1 hartu zuen menpean baja inportanteekin kantxara atera zen Etxarriko Gaztetxie. Atsedenaldirako 6-0 aurreratu ziren altsasuarrak, eta nahiz eta bigarren zatian etxarriarrak saiatu, ezin izan zioten partidari buelta eman eta 7-1 gailendu zen Bil Toki.
Asteburuan play off-etako finalerdiak jokatuko dira.
Turumbay eta Maiza
Futsal Sakana txapelketako pitxitxia edo golegile nagusia Racing San Migel taldeko Asier Turumbay uhartearra izan da, 26 golekin. Aldiz, gol gutxien jaso dituen atezaina Arbizu taldeko Xabier Maiza izan da. Bestetik, Iturmendirendako izango da kiroltasunaren saria, txapelketa guztian barna soilik txartel hori bat jaso baitu.
Futsalsakana Kopan izena emateko epea zabalik
Futsal Sakana txapelketako play offetako final handia jokatu eta gero, Futsalsakana Kopa abiatuko da. Kopan parte hartu nahi duten taldeek izena eman beharko dute admin@futsalsakana.es posta elektronikoan.
Anaitasunako 48 ordutarako taldea sortu dute
Garagarrilean hasiko da Anaitasunako Areto Futboleko 48 orduak. Izena eman duten taldeen artean Futsal Sakana txapelketatik sortutako selekzioa dago. Taldeak asteazkenean eginen du lehen entrenamendua, Uharte Arakilen. 19:30ean. Igandean partida jokatuko dute FS5 Navarra selekzioaren kontra, 11:00etan, Irurtzunen.
Ondoko jokalariek osatuko dute Futsalsakana.es selekzioa: Jon Yeregui, Josu Reparaz eta Iñaki Galarza (Arbizu), Unai Bobillo eta Raul Lage (Bil Toki), Ruben Ramos eta Juan Carlos Cano (Bunker), Mikel Aingeru Goñi eta Arkaitz Munarriz (Etxarriko Gaztetxie), Imanol Arbizu eta Urko Agirre (Iturmendi) eta Daniel Alvarez, Asier Turumbay eta Eneko Cruz (Racing San Migel).
Play-offetako final erdiak (asteburuan)
Arbizu – Bil Toki
Racing San Migel – Bunker