Eguzkia eta eguraldi bikaina izan zuten lagun Aralar Txirrindularitza Klubeko kideek larunbatean Uharte Arakilen egin zuten denboraldiaren aurkezpenerako. Talde argazkiak Uharteko zubi zaharrean egin zituzten, txoko paregabean. Aralar irratiko esatari Martin Juanenak egin zituen aurkezpen lanak. Aurten 35. denboraldia beteko du Aralar Txirrindulari Taldeak. Lakuntzan sortu zen, Joxe Andueza presidente zela. “Eta ilusio berberarekin jarraitzen dugu” adierazi zuen egungo presidente Javier Etxarrik. Bildutakoek Anduezaren lana goraipatu zuten, taldearekin lotura izaten jarraitzen duela nabarmenduz.
Aralar klubetik 6 txirrindulari profesional atera dira: Javier Garziandia, Jose Luis Arrieta, Egoi Martinez, Gorka Verdugo, Javier Etxarri eta Joseba Larralde. “Emaitza horiek bide beretik lanean jarraitzeko eta hobetzeko indarra ematen digute” nabarmendu zuen Etxarrik. 2013an Aralar txirrindularitza klubeko jubeniletatik bik eman zuten afizionatuetara pasatzeko saltoa: Odei Juangok eta Pablo Villarrek. “Hori da gure lana, txirrindulariak egitea” gehitu zuen presidenteak.
Babesleei eskerrak
Aurkezpenean gogo biziz eskertu zuten babesleek ematen dieten laguntza, “are gehiago egun bizi dugun egoerarekin” Juanenak azaldu zuen bezala. “Ekonomikoki juxtu gabiltza, baina denboraldia ateratzeko moduan egongo gara” azaldu zuen presidenteak. Berriro ere, Deportes Irabia izanen da babesle nagusia. “Irabiako jabe eta kudeatzaile Migel Cavodevillak 28 urte daramatza Aralar babesten, kirol arropa eta laguntza ekonomikoa ematen. Beti esaten du bizirik dagoen bitartean ateak zabalik ditugula eta hori bihotzez eskertzekoa da” azpimarratu zuen Etxarrik. Sakana Fundizioa, Sakanako eta Araitz-Areso-Betelu-Larraun eta Lekunberriko Kirol Mankomunitateak, Lakuntza, Etxarri, Arbizu eta Uharte Arakilgo udalak, Bikain tailerra, Lorea loredenda, Pellejero Aseguruak, Albi jatetxea eta gainontzeko babesleak ere eskertu zituzten.
Gurasoen inplikazioa
Hitz gozoenak txirrindularien gurasoendako eta senitartekoendako izan ziren. “Aralar klubeko txirrindulariek eta gurasoek kluba barruan sentitzen duzue. Ez izan beldurrik zuen iritzia emateko, ez geratu atzean. Denok dugu zer esan. Txirrindulariak, juntako kideak, entrenatzaileak, gurasoak… guztiak batera goaz, familia bat osatzen dugu eta horrela jarraitu behar dugu” nabarmendu zuen Etxarrik, guztion artean duten elkarlana eta harreman ona aipatuz. “Gurasoak ongi portatzen dira. Entrenamenduetarako, karrerak antolatzeko eta bertara joateko garaian izugarri inplikatzen dira” adierazi zuen, pozik.
32 txirrindulari eta helburu berbera: txirrindulariak aurrera ateratzea
Guztira 32 txirrindulari izanen ditu taldeak. “Kopuru polita da, horrenbeste kirol dauden honetan 5 txirrindulari berri etortzea pozgarria da” azaldu digu presidenteak. 2013an 5 txirrindulari jubenilek utzi zuten taldea, eta horietako bik, Odei Juango lakuntzarrak (Rural Kutxa) eta Pablo Villar hiriberriarrak (Telco´m) afizionatuetara egin dute salto. “Pozgarria da, hori baita gure lana, neska-mutikoak gora ateratzea. Oso zaila dago, talde gutxi daudelako, eta Aralarretik bi aurrera atera izana kontentu egoteko modukoa da” gehitu zuen. Aurten 5 txirrindulari berri ditu taldeak: Imanol Galarza, Asier Irujo, Ander Rosado, Bakarne Arregi eta Gorka Avella.
Kategoria nagusikoen denboraldia hasi da, baina eskolako entrenamenduak martxoaren 29an hasiko dira –larunbatetan eta igandetan entrenatuko dute, Lakuntzan– eta eskolakoek maiatzaren 1ean hasiko dute denboraldia, Atarrabian. “Ea gogor entrenatzen duzuen, aurreko urtean baino gogo eta ilusio gehiagorekin. Horrela, amets guztiak gauzatuko dituzue” nabarmendu zuen Etxarrik.
Aralar Txirrindularitza Taldea. 2014 denboraldia
Eskolak (20): Jon Erdozia, Maria Beraza, Anitz Larunbe, Aitor Alberdi, Sergio Romero, Igor Arrieta, Amaiur Arratibel, Joana Irastorza, Imanol Galarza, Javier Mitxaus, Xabier Mauleon, Joseba Huarte, Urko Gorriti, Aimar Tadeo, Mikel Martinez, Asier Irujo, Julen Otxoteko, Beñat Etxezarreta, Bakarne Arregi eta Ander Rosado. Zuzendariak: Patxi Irastorza, Ana Lopez eta Javier Etxarri.
Kadeteak (7): Gorka Avella, Gorka Arbizu, Oier Larunbe, Luis Beraza, Unai Zubiria, Patxi Lopez eta Xabier Maiza. Zuzendariak: Iñaki Migel eta Iraitz Goñi.
Jubenilak (5): Asier Ollo, Adur Etxezarreta, Eneko Unanua, Amine (Huescakoa) eta Izai Mauleon.
Zuzendariak: Iñaki Mauleon eta Xabier Lizarraga.
Sakanan Aralarrek antolatuko dituen probak: haurren proba Etxarri Aranatzen (garagarrilak 14), masterren proba Arbizun (garagarrilak 15), haurren proba Lekunberrin (garagarrilak 21), haurren proba Lakuntzan (agorrilak 2), jubenilen proba Etxarri Aranatzen (agorrilak 8) eta kadeteen proba Lakuntzan (agorrilak 26).