Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) kide diren hainbat udaletako ordezkariak atzo prentsaurrekoa eman zuten Leitzan. Salatu zutenez, “Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politikak euskara eremu publikotik erabat desagerrarazi nahi du”. Eta gobernuaren egitasmo horren barruan kokatzen dute udalen eta mankomunitateen Euskara Zerbitzuak pasa den urtean diru-laguntzarik gabe uztea eta aurten antzeko bidea segitzea.
Azpimarratu zutenez, “udalak dira, orokorrean Euskal Herrian hizkuntza-politika ausartenak eta aurrerakoienak lantzen ari garenak, eta horien artean nabarmentzekoa da UEMAko udalerriek egiten dugun lana. Aitzindariak gara, gure herriak arnasguneak dira euskararendako, eta euskaraz bizitzeko apustua egina dugu”. Hizkuntza planifikatu bat eta harendako bitartekoak ezinbestekotzat jo zituzten. “Bide horretan, sekulako ahalegina egiten ari gara udalerri euskaldunak, Nafarroako Gobernuaren inolako babesik eta laguntzarik gabe”.
Nafarroako Gobernuak egiten dituen hizkuntza-eskubideen “urraketa sistematikoa” nabarmendu zuten UEMAko ordezkariek. Bake epaitegietan, liburutegietan edo osasun arloan zerbitzua euskaraz bermatzeko UEMAtik egiten ari diren lana horren adierazle gisa jarri zuten. Euskararen Legean herritarrek administrazio publikoekiko euskara eta gaztelania erabiltzeko eta haietako bat aukeratzeko eskubidea aitortzen duela gogorarazi zuten. Beraz, “Nafarroako Gobernuak ez ditu legeak herritarrei aitortzen dizkien eskubideak errespetatzen, ez eta euskararen legea bera ere”.
Nafarroako euskalgintzak bizi duen egoerarekin “kezkatuta eta haserre” agertu ziren ere. Hedabideak eta helduen euskalduntze-afabetatzea diru-laguntzarik gabe utzi izana salatu zuten UEMAko kideek. Baita D ereduaren kontrako “eraso baldar eta neurrigabea” ere.
Deialdia
Egoera jasangaitza dela nabarmendu zuten UEMAtik: “Nafarroako aniztasunari bizkar eman eta bertako hizkuntza sustatzeko politikak bazter utzi dituen gobernu honi bestelako hizkuntza politika bat nahi dugula, eta beharrezkoa dela, aldarrikatzeko Nafarroako UEMAko udalerriek ere bat egin nahi dugu datorren martxoaren 22an Iruñean egingo den manifestazioarekin”. Herritarrei nafar guztion hizkuntza eskubideak kalean aldarrikatzeko eskatu diete.