Errausketa hondakin metodo gisa desagertzea eskatu dute

Guaixe 2014ko martxoaren 13a

Porlandegietan erraustearen kontrako estatuko plataformen koordinakundearen bilera izan zen pasa den asteburuan Madrilgo Morata de Tajuñan.

Martxoaren 7 eta 9 artean estatu guztiko hainbat plataformetako ordezkarik euren errealitatearen berri eman eta iritziak trukatu zituzten. Haien artean izan zen 3 Mugak Batera plataforma, Olatzagutiko porlandegian erraustearen kontra ari dena.

Plataformek hiru puntu adostu zituzten. Alde batetik, Diputatuen Kongresuan ordezkatuta dauden alderdiei eskatzea murrizketan, berrerabileran eta birziklatzean oinarritutako hondakinen kudeaketa politikak defenda ditzatela. Horrekin batera, errausketaren kontra egin dezatela, bai errauskailuetan baita, “arrazoi gehiagoz, porlandegietan”.

Aldi berean, porlandegiei dohainik ematen zaizkien isurpen eskubideen gaineko kontrol eraginkorra eskatu dute plataformek. Aldi berean, diru-laguntza bidez errausketa ez sustatzeko, “sektorearendako diru-laguntza baita soberan dituzten isurpen eskubideen eskandaluzko salmenta”.

Morata de Tajuñan elkartutakoek porlandegietan hondakinak erretzeko baimenak ematerakoan eta haien kontrolean errepikatzen diren lege hauste nabarmenengatik arduradun politikoak salatu zituzten. “Ia kriminalki, beti partikularren interesen kontra aritzen dira, interes orokorra, pertsonen eta ingurumenaren osasunaren kaltetan”.

Hitzaldiak
Asteburuko topaketan ere hitzaldiak izan ziren. Pilar Muñoz doktoreak hondakinen erreketak populazioarengan duen arriskuez aritu zen. Adierazi zuenez, “ingurumena ez da pribilegio bat, eskubide bat baizik. Toxikoak gure gorputzean ez sartzeko modurik onena prebentzioa da”.

Carlos Arribas fisikoak, Ekologistak Martxan eta Europako Hondakinen Batzordeko kideak, porlandegietan erretzeko araudi berria aurkeztu zuen. Bere iritziz porlandegietako isurien kontrolarekin “bigunegia” da. CO2 isurien doako asignazioekin enpresek egiten duten negozioa salatu zuen, baita enpresa lobbyen presioa.

Azkenik, Gaia erakundeko Mariel Vilellak zero zabor lortzeko administrazioek duten ardura nabarmendu zuen. Kontsumo arduratsua eta hondakinen gaikako bilketa egiteko kontzientziatze kanpainen premia nabarmendu zuen.