Mutu, ikusezin, isolatu.. eta hamaika dira euskarak eta euskaldunok sufritzen ditugun etengabeko erasoak, legegintzaldi honetan, krisia aitzakia, gogortu egin direnak. Ekonomikoki ito egin nahi dituzte euskarazko komunikabideak, helduen euskalduntzerako ezinbesteko diren euskaltegiak eta udaletako euskara zerbitzuak, diru-laguntzarik gabe utziz. Irakaskuntza arautuan euskarazko hautua egitea gero eta zailago zaie guraso askori Nafarroako zenbait zonaldeetan. Ingelesaren irakaskuntza baliatu dute horretarako eta D ereduari berari nola bertan lanean diharduten ehunka irakasleri eginiko eraso arbuiagarri eta zitala.... zenbatzea kosta egiten da zoritxarrez.
Nafarroako Gobernuak euskararen normalizazioan duen ardurari uko egiten dio eta ez hori bakarrik normalizaziorako bidearen hautua egin dugun udal eta mankomunitateen lana ere, behin da berriz oztopatzen du. Udalak eta Mankomunitateak gara Nafarroan Gobernuak duen ardura gure gain hartzen dugunak. Gobernuak egin beharko lukeen lana egiten dugun eta gu ere, ekonomikoki ito egin nahi gaituzte. 2001. urtetik 2012. urtera %82 jaitsi zen euskara sustatzeko udal eta mankomunitatekok jasotzen genuen diru laguntza partida, 860.000€ jasotzetik 2001ean 131.000€ jasotzera 2012an, eta 2013. urteko, berriz, 0€koa, Gobernuak ez baitu partida exekutatu. Itotze ekonomiko horrek kolokan jarri du zenbait euskara zerbitzuren biziraupena eta teknikari horien lana baita ere. Euskarak normalizazioa ahalbidetuko duen hizkuntza politika eraginkor bat behar du Nafarroan, nork bere eremuan, elkarlanean aurrera eramango duguna, beharrezkoak diren diru partida ekonomikoak ezarriz.
Hamaika eraso euskarak eta euskaldunok sufritzen ditugunak eta beste horrenbeste arrazoi, beraz, martxoaren 22an Iruñeko kaleak jendez betetzeko. Antoniutti plazatik aterako den manifestazio jendetsu izateko, mutu nahi gaituzten horiek entzun gaitzaten. Euskaraz biziz, Nafarroako Gobernuaren erasoei aurre egin diezaiegun.