Gizarte Zerbitzu honetan, eta guztietan, lau programa orokor lantzen dira: Gizarteratze Programa, Arreta eta Orientazio programa, Autonomia Pertsonalaren Sustapena eta Menpekotasun Egoeran Dauden Pertsonendako Atentzio Programa eta Haur eta Familia programa. Gaurkoan, azken honetan zentratuko gara.
Haur eta Familia programaren helburua, adin txikikoen garapen pertsonal egokia sustatuko duen ingurunea ahalbidetzea da. Adin txikikoenganako tratu ona sustatzeko, bi aldetatik lan egiten da. Batetik, komunitate mailan sentsibilizazio lanak egiten dira: irrati saioak, aldizkarietan idatziak, gurasoendako tailerrak, guraso eskolak... Bestetik, banakako esku-hartzea ere egiten da laguntza eta orientazioa behar duten familiekin, zerbitzua pertsonalagoa eta zuzenagoa delarik.
Haur eta familia programan, adin txikikoen inguruan dauden profesionalen artean sare bat sortzearen beharra ikusi da, laguntza eta orientazioa behar duten familia hauei atentzio egokiago bat emateko eta profesionalen arteko koordinazioa hobetzeko. Sarea, zuzenean eta zeharka, haur eta gazteekin lan egiten duten profesionalek osatuko dute: eskoletako, haurtzaindegietako, osasun arloko, gizarte zerbitzuetako… profesionalek osatuko dutelarik.
Sarean lan egitea ez da bakarrik zerbitzu ezberdinen arteko koordinazioa, elkarrekin lan egitea, elkarrekin ekintzak pentsatzea, aurrera eramango diren baliabideak erabakitzea eta gizarteratzearen emaitzak elkartrukatzea baizik.
Gazte, haur eta familiei eragiten dieten arazoak konplexuak izan daitezke eta konplexutasun honek zerbitzu eta arlo desberdinetako profesionalen parte hartzea eskatzen du. Sarean lan egiteak lanaren eraginkortasuna hobetzen du eta aldi berean profesionalen estres maila murriztu dezake, kasu berean parte hartzen duten profesional desberdinen ardura bihurtzen delako.
Sarearen helburuak:
- Haur eta gazteen tratu ona bultzatzea
- Laguntza beharra izan dezaketen familietara errazago eta azkarrago iristea
- Sarean parte hartzen dutenen artean kasua elkarrekin esku hartzea
- Profesional desberdinak helburu eta jarduera komunak izatea
- Profesionalek izan ditzaketen zalantzak, kezkak… aztertu eta hausnartzeko aukera izatea
Sarean lan egiteak abantaila asko dauzka: haur, gazte eta familiei ematen zaizkien mezuak ildo beretik joango dira, sareak dituen baliabideak hobe ezagutzen dira, profesionalen arteko komunikazioa hobetzen da, prozesuak azkartzen dira, eginkizunak banatzen dira… Desabantailak ere, egon badaude: sarean lan egiteak lan gehiago suposatu dezake, erantzukizunetan diziplina handiagoa eska dezake…
Hala ere, luzera oso eraginkorra eta positiboa ikusten dugu lan egiteko era hau, beraz, metodologia honen alde egiten dugu. Irurtzungo eskualdeko profesional desberdinek interesa erakutsi dute sarearen inguruan eta parte hartzera animatu dira. Beraz, sarearekin aurrera!