Jaione Iraola Rozas, Altsasuko berdintasun agentea

Eneida Carreñño eta Maider Betelu 2014ko martxoaren 14a

1. Altsasuko Emakumeen Bilgunean zeintzuk dira lan ildoak?
Lan ildo nagusienak ondokoak dira: emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasunaren printzipioa udal administrazioan sartzea; emakumeen kontrako indarkeriari aurre hartzea eta errotik ezabatzea; emakumeak lan munduan erabat txertatzea eta alor horietan garatzea; kultura, ezagutza eta informazioa era ez-sexistan eraikitzea eta emakumeen erabateko herritartasuna lortzea: erabakietan parte hartzea eta baliabideez gozatzea.

2. Noiztik dago martxan Emakumeen Bilgunea Altsasun?
1992an emakumeendako gune eta arreta zerbitzu bat sortzeko helburuarekin “Emakumeen Bilgunea” egitasmoa martxan jarri zen eta koordinatzaile bat kontratu zuen udaletxeak. 1998an egoitza finkoa egokitu zion Udalak zerbitzuari Gure Etxean, egundaino jarraitzen duena. Bide batez, Berdintasunerako Udal Agente lanpostua izendatu zen eta arreta orduak handitu.

3. Zein zerbitzu eskaintzen dituzue?
Emakumeen Bilgunearen helburua aukera-berdintasunaren Udal politika planifikatzea, garatzea eta kudeatzea da, eta aukera-berdintasunaren printzipioa udal politika guztietan integratzea. Horrela, beste sail, erakunde eta instituzioei genero ikuspuntua programa guztietan sartzeko aholkatu behar zaie, dituzten eskaerak erantzunez eta formazioa eskainiz. Bestetik, genero-desberdintasunak murrizteko jarduerak antolatzen ditugu: formazioa, sentsibilizazio kanpainak, ikerketak, ikastaroak (yoga, literatura hizketak, lentzeria, josketa, pentsamendu positiboa, autodefentsa, autonomia…). Eta, bukatzeko, emakumeendako informazio eta arreta zerbitzua dugu, emakumeendako doako aholkularitza juridikoa tarteko. Emakumeen kontrako indarkeria kasuetan, banakako eta konfidentzialtasunezko arreta eskaintzen dugu.

4. Aholkularitza juridikoan zein da kezkarik nagusiena?
Aholkularitzan gai ezberdinak tratatzen dira: herentziak, lanarekin zerikusia dutenak, emakumeen kontrako indarkeria… Kontsulta gehienek dibortzioarekin zerikusia dute: eman beharreko pausuak, seme-alaben kustodia... baita seme-alaben mantenurako pentsioen eguneratzeak eta pentsioak ordaintzen ez dituzten kasuetan zer egitearekin ere. Doako justiziaren eskabideak ere tramitatzen dira bertatik.

5. Urtean zehar zer antolatzen duzue?
Besteak beste, langilegoarendako formazioa, Hezkidetza programa antzerkiaren bitartez, Bateragarria-dibertigarria programak, gurasoendako tailerrak, Martxoaren 8ko eta Azaroaren 25eko kanpainak, emakumeendako ikastaroak eta tailerrak…

6. Emakume guztiek, eskubide guztiak, egunero. Hori da martxoaren 8rako hautatu duzuen leloa.
Orain dela urte batzuk, Nafarroako hainbat erakunde martxoaren 8an eta azaroaren 25ean kanpaina bateratua garatzen hasi ziren. Aurten, 11 erakunde elkartu gara. Krisiaren aitzakiarekin murrizketa latzak pairatzen ari gara, eta hartutako neurriek emakumeengan eragin bortitzagoa dute. Eskubideak zuzenean murriztearen saiakerak ere ematen ari dira, esaterako abortuaren lege-proposizio berria. Emakume guztiek, eskubide guztiak, egunero leloarekin emakumeen eskubideak errespetatu eta bermatzearen alde lan egiteko apustu tinkoa aldarrikatzen dugu.

7. Sakanako eta Altsasuko emakumeen egoera deskribatuko zenuke?
Enpleguari dagokionez, langabeziak gogor jo du gurean, eta egun emakumeen langabezi tasak gizonenak baino altuagoak dira. Kontutan hartu behar dugu ere lanaldi partzialetan aritzen diren gehienak emakumeak direla, baita lanaldi murriztuak hartzen dituztenak ere. Bestalde, etxeko lanetan aritzen diren gehienak emakumeak dira ere, eta egungo egoeran gero eta gutxiago dira etxeko lanak egiteko norbait kontratatzen dutenak. Lan hauetan ibilitakoak ez dute langabezia prestaziorik jasotzeko aukerarik ere. Gero eta gehiago dira gizarte zerbitzutara Gizarteratze Errenta eskatzera hurbiltzen diren emakumeak.
Gero eta emakume gehiago hurbiltzen dira hona langabezian daudela eta, ikastaro edo tailerren eskaintzaren berri izateko, bai euren trebakuntza osatzeko bai eta besteekiko harremanak lantzeko eta esperientziak partekatzeko gune baten bila ere. Bestalde, hainbat kasutan, bikote harremanak eten edo okertu egin dira, baina egoera ekonomikoa dela eta, elkar bizitzen jarraitzen dute.

8. Martxoaren 8a Altsasuko inauteriekin tokatu zen aurten.
Bai. Herritarrei lazotxo morea janzteko gonbita egin genien. Lazoak Emakumeen Bilguneko lentzeria, joskera eta eho-ziriak ikastaroetako emakumeak egin zituzten.

9. Aurtengo ekimenak zeintzuk izan dira?
Asko. Ostiralean elkarretaratzea egin genuen, eta larunbatean, ihoteetan lazotxo morea eraman genuen kalera. Emakumeendako bi tailer antolatu ditugu, autodefentsa: errespetua lantzeko tailerra eta lan munduan txertatzeko trebakuntza tailerra. Igandean gazteendako tailerra egin zen Intxostiapuntan, nolakoa da zure mutil edo neska ideala? Izenburupean, eta asteazkenean solasaldi literarioa izan zen Iortian, Isabel Lizarragarekin. Berak idatzitako La canción de mi añoranza liburuaz aritu zen. Eta emakumeendako zine saio bereziak eskaintzen ari gara Iortian.

10. Eta igandean, estreinakoz, emakumeendako lasterketa antolatu duzue Altsasun, Lilasterketa.
Bai, igandean Lilasterketa emakumeendako lasterketa ospatuko dugu. Irteera 12:00etan izanen da, Altsasuko Foru plazatik. Izena ematea www.dantzalekusakana.com-en egin daiteke aurretik edo egunean bertan, 11:30ean, Gure Etxean. Emakumeen nazioarteko eguna kalera ateratzeko asmoz sortu zen ekimena, bide batez kirola, jai giroa eta aldarrikapena uztartzeko.
Ibilbidea San Silvestrearen berbera da, 4 km inguru, eta korrika, oinez, patinatzen… nahi den moduan egin daiteke. Lerro hauetatik Sakanako emakumeak Altsasuko I. Lilasterketan aritzera animatu nahi ditugu.

11. Emakumearen Bilgunearekin harremanetan jartzeko zer egin behar da?
Emakumeen Bilgunea Gure Etxeko lehenengo pisuan dago. Astelehen, asteazken eta ostiraletan 7:30etik 15:00ak arte egoten gara, asteartetan eta ostegunetan 7:30etik 13:00etara eta 15:00etatik 17:00etara (948 564 823 telefonoa, berdintasuna@altsasu.net e-posta, facebook (emakumeenbilgunea.altsasu) eta twitter (EBilgunea).