Presoak Euskal Herriratzea eskatzen hasi dira

Guaixe 2014ko martxoaren 13a

Arabako Zaballa espetxera edo etxetik gertuenera aldatzeko eskariak aurkezten hasi dira, txandaka

Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) kideak astelehenean hasi ziren Euskal Herriratzeko eskaera pertsonalak aurkezten. Faseka eginen dute eta garagarrila akaberarako guztiek eskaera egina izanen dute. Espainiako espetxeetan dauden presoek Zaballa espetxera lekualdatzeko eskatuko dute. Frantzian daudenak, berriz, etxetik gertuen dagoen presondegira aldatzea eskatuko dute.

Presoek banan-banako eskaerak aurkeztuko badituzte ere, EPPK-k erabaki kolektiboa dela nabarmendu nahi izan du. Kolektiboak konponbidearen aldeko pausu gisa hartu du legea baliatuta Euskal Herrian batzeko eskaerak egiteko erabakia; zabaldutako egoera politiko berrian sakontzeko urrats gisa. Konponbidean lagundu eta ekarpenak egiteko prestutasuna ere adierazi dute EPPK-tik. Horretarako, Euskal Herriko espetxe berean biltzea eskatu dute.

Presoek kartzeletako zuzendariei zuzendutako idatzian hiru atal adieraziko dizkiete. Batetik, espetxe politikak berari eta familiari eragin dionaren berri emanen du. Horretarako sakabanatuta egon den espetxeen zerrenda, etxerako distantzia eta espetxe politikaren eragina azalduko dute. Bestetik, EPPK-k hartutako ildo politikoaren berri emanen diote zuzendariari, adieraziz ezker abertzaleak hartutako estrategiarekin bat egiten dutela eta gatazkaren konponbidearekin konpromisoa dutela. Baita urratsak egiten jarraitzeko asmoa dutela. Azkenik, lege aldetik, sakabanaketa politikak mundu osoan legezko esparrurik ez duela gaztigatuko dute.

Eskaerak egiten lehenak gaixotasun larriak dituzten eta 70 urte baino gehiago dituztenak izan dira. Eurendako berehalako askatasuna ere aldarrikatu dute. Gainontzeko presoek espetxean egindako denboraren arabera eginen dituzte eskaerak, espetxealdi luzeena dutenetik hasita. Apribilaren hasieratik, 15 egunetik behin, txandaka eskaerak eginen dituzte.

Sakandarrak
20 urte baino gehiago preso daudenek euren eskaerak apirilaren hasieran eginen dute. Horien artea dago Unai Parot Navarro, Puerto de Santa Maria, Huelvako Puerto III espetxean dagoena, 1.050 km-ra. 1990eko apirilaren 2an atxilotu zuten. 23 urte eta 11 hilabete darama espetxean preso.

Laugarren txandan euren espetxeko zuzendariari zuzenduko zaizkion preso sakandarrak hiru dira. Asier Carrera Arenzana, Dueñasko espetxean dago, Palentzian, 300 km-ra. 2000ko azaroaren 9an atxilotu zuten, beraz, 13 urte eta 4 hilabete darama preso. Luis Mariñelarena Garziandia, Curtisen, A Coruñako Teixeiron dago, 650 km-ra.
2001eko lastailaren 17an atxilotu zuten. 12 urte eta 5 hilabete preso dagoela. Juan Ramon Karasatorre Aldaz, Castellongo Albocasserko Castello II kartzelan dago, 590 km-ra. 2001eko abenduaren 12an atxilotua, 12 urte eta 3 hilabete preso dagoela.

Bosgarren txandan beste hiru sakandar izanen dira Euskal Herriratzeko eskatuko dutenak. Juan Kruz Maiza Artola, Ile de France eskualdeko Saint Maur espetxean preso dago, 680 km-ra. 2007ko garilaren 26an atxilotu zuten. 6 urte eta 7 hilabete darama preso. Oihan Barandalla Goñi, Nanterren, Parisen dute, 930 km-ra. 2007ko irailaren 1ean atxilotu zuten, 6 urte eta erdi darama preso. Beraz, maiatzaren erdialdetik aurrera eginen dute biek etxetik gertuen dagoen espetxera gerturatzeko eskaera. Garai berean eginen du eskaera A Laman, Pontevedran, 730 km-ra preso dagoen Hodei Ijurko Irozek. 2008ko martxoaren 9an atxilotu zuten Ijurko eta sei urte egin berri ditu espetxean.