Plazaola bide berdeak udazkenean lotuko ditu Andoain eta Irurtzungo muga

Guaixe 2014ko mar. 13a, 18:00
Arakilgo bide sareko zubia Biaizpen dago.
Maiatzean hasiko dira falta den Mugiroko zatiko lanak, 274.435 euroko aurrekontua dutenak

Plazaolako bide berdeak etapa berria eginen du aurten Mugiroko lanekin. 4,14 km-ko lan horiek despedituta Andoain eta Irurtzungo muga artean bizikletan edo oinez ibiltzeko aukera eskainiko du bide berdeak. Plazaola turismo partzuergoak kudeatzen du bide berdeko egitasmoa eta bere buru Maitena Ezkutarik esan digunez, inguru horretan dagoen hezetasunagatik lanak maiatzera atzeratu dituzte. “Udan aurreratuko dituzte lanak eta udazkenerako despedituta izanen dira”.

Bi aukera zituzten Mugirora iristeko. Bata lehengo ibilbidea segitzea zen, baina bi tuneletako bat hondoratuta dago. Bestea, ibilbidearen zati bat erabili eta gero Mugiro herrira igo eta jaistea. Azken aukera horren alde egin da, herriari ere onura ekarriko diolako. Aldapak daudenez, urak haiek ez izorratzeko hainbat neurri hartuko dira. Ezkutarik azaldu digunez, “oinezkoen ibilia errazteko aldapan eskailera tarteak jarriko dira. Horrek ere txirrindulariek gehiegizko abiadura ez hartzea eragotziko du”.  

Ibarrera nola sartu
Biaizpetik nola pasa aztertzen ari dira gaur egun Plazaola turismo partzuergoan. Bi aukera aztertzen ari direla azaldu digu Ezkutarik. Lehena Larraun ibai ertzean dagoen arrantzaleen bidearekin lotzea litzateke. “Horrela Arakilgo Udalak egin duen ibilbideen sarearekin lotuko litzateke eta Irurtzunera joateko aukera legoke. Oinezkoendako aukera ona da, baina ez txirrindulariendako”.

Beste aukera Plazaolaren ibilbidea segitzea litzateke. Bere garaian txostena egin zuten baina oso garestia litzateke hura gauzatzea tunelak argiztatzea eta semaforoak jartzea eskatuko lukeelako, besteak beste. Teknikariek aukerak aztertzen segitzen dute. Bestalde, behin Irurtzunera iritsita, Aizkorbeko tunela hondoratuta dagoenez dagoen bide bat erabiliko litzatekeela azaldu digu Ezkutarik.

Nazioartekoa
Plazaola bide berdea Baiona eta Iruñea lotuko duen bizikleta bidearen zati izanen da etorkizunean, Eurovleoren parte. Gaur egun, Getaria (Lapurdi) eta Doneztebe arteko 70 km-ak eginak daude. Saldiasen eta Urritzan barna Plazaolako bide berdearekin lotzea da asmoa. Baionako eragile batzuekin proiektua prestatzen ari dira 2015eko Europako diru-laguntzen deialdira aurkezteko.

Hegoaldetik, Irurtzun eta Iruñea arteko zatian lurra desjabetzeko prozesua martxan da eta aurten eginez gero lanak 2015ean hasiko lirateke.

Sakanan
Plazaolak 85 km-ko ibilbidea zuen. Haietatik 2,3 Sakanan. Bere bidean zituen 66 tuneletatik bi Sakanan daude, Aizkorben (620 metro) eta Irurtzunen (Artadikoa, 180 metro). Biak ere luiziengatik itxiak daude gaur egun. 17 geltokietako bat Irurtzungoa zen, egun desagertua dagoena.