Duintasunaren Martxa bihar iritsiko da

Guaixe 2014ko martxoaren 18a

Janari bilketa eginen dute eta murrizketak salatuko dituzte

Sindicato Andaluz de Trabajadoresen (SAT) deialdiarekin bat eginez Gune plataforman biltzen den euskal gehiengo sindikala eta makina bat erakundek Duintasunaren Martxa abiarazi zuten. Hilaren 11tik Euskal Herrian barnako makina bat eskualdeetatik pasako da martxa hori. Bihar Sakanara iritsiko da eta martxa etzi bukatuko da Iruñean eginen den manifestazioarekin (autobus geltokitik, 19:00etan). SATek larunbatean Madrilen manifestatzera deitu du eta deialdi horrekin bat egin du ere Gune plataformak.

Duintasunaren Martxak Espainiako eta Nafarroako gobernuak indarrean jartzen ari diren politika antisozialek herritar gehienak pobretzea ekartzen dutela eta gutxiengo bat aberastea eragiten dutela salatu nahi du. Gunetik gogora ekarri nahi izan dute Sakanak dituen 1800 langabetuak edota suntsitu den enpleguaren %32a, baita soldata, pentsio, osasungintzan edota hezkuntzan izan diren murrizketak ere. “Gero eta gehiago gara lanpostu bat izan arren bizi baldintza duinak mantentzeko zailtasuna ditugunak”.

Ibarrean
Bihar Duintasun Martxa Sakanara iristean “egungo eredua aldatzeko bitarteko gisa elkartasuna eta borroka” aldarrikatuko dituzte Gune plataformakoek. Aldi berean, lanaren banaketa justuago bat izateko bestelako eredu bat beharrezkoa dela aldarrikatuko dute. “Guk geure etorkizuna eraikitzeko eskubidea aldarrikatuko dugu”.

Sektore publikoak oinarrizko eskubideak bermatu behar dituela aldarrikatuko dute. Zerbitzu publikoen, kalitatezko enpleguaren, etxebizitza eskubidearen alde azaldu dira Guneko kideak. Sakanatik pasatzerakoan martxako kideek salatuko dute gero eta jende gehiago dagoela etxean jatekorik ez duena eta elkartasun beharra dutenak. Horregatik, heldu den asteazkenean Irurtzunen, Etxarrin eta Altsasun jaki bilketak eginen dituzte, “gobernuen politikengatik kaltetuenak izan direnen artean banatzeko. Jasotakoa Nafarroako Elikagaien Bankuari emanen diote.

Jaki bilketak martxoaren 19an
10:30etik 11:00etara Altsasuko Iortia plazan.
12.00etatik 12:30era Irurtzungo Udal Plazan.
13:00etan Etxarri Aranazko plazan. Ondoren Sakanako mobilizazioa.