Norberak osasuna kudeatzeko

Guaixe 2014ko martxoaren 14a

Hori ikasteko oinarriak eman nahian Sakanako Asanblada Libertarioak  (SAL) osasunaren autogestiorako tailerra antolatu du iganderako. Leire Saituak gidatuta eginen dira tailerrak Altsasuko kaputxinoen komentuan. 11:00etatik 14:00etara aurkezpena eta praktika izanen dira. Bazkarirako etenaren ondoren, 15:30etik 17:30era tailerrak segida izanen du. Arnasketak, erresonantzi eraldaketak, zabor emozionalak, auto-ezagutza eta beste aztertuko dituzte, “gure osasunaren jabe izateko giltza barneratuz”.

Osasunaren autogestioaren inguruko aurreneko saioa 21012ko azaroaren 25ean egin zuen SALek. Orduko hartan kritika egin zioten egungo sistemari, osasuna kudeatzen ez duelako eritasunaren negozioa baizik. Horretan aparteko garrantzia eman zioten “kartel kimiko-farmazeutikoari” eta osasunaren burujabetasuna landuz gastuak heren batera jaitsi daitezkeela adierazi zuten. Bestelako osasun ereduak garatzearen alde agertu ziren eta gorputzaren eta gogoaren zatiketak dituen ondorioez aritu ziren. Guztiari buelta eman eta osasun burujabe baterako bost oinarri ere aipatu zituzten: arnasketa, elikadura, ariketa, atsedena eta pentsaera baikorra.

Izena ematea
babarrunbeltzak@gmail.com e-postara idatziz edo 646 720 133 telefonora hots eginez egin daiteke. Gaur da azken eguna